Txerra Rodriguez.

50+2

2025eko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain dela 52 urte sortu ei zen edo, behintzat, hori da historiarako finkatu den data. Bai, orain dela 52 urte hasi ziren mintzatzen, dantzatzen, margotzen eta musika ipintzen basapiztiaren bihotzeko periferiak. Hip-hop bizitza (gure arma da hitza), bere lau azpikulturekin: rapa, grafitia, breakdance eta turntable. Gurera aspaldi iritsi bazen ere (gogoratu sustraiak, rock, rap, reggae), ari zaio kostatzen errotzea (agian, akaso, beharbada, ezin zen bestelakorik espero).

Errepika, errima, erretorika eta erritmoa, eta jarrera, eta auzo harrotasuna (gora Baraka, behera Neguri). Soinua bultzaka eta lirika magistrala, eraberritze eta tradizioaren abaroan. Eta berbak borborka, eta errima, kartaboia, konpasa, eskuaira eta lima. Eta bass-erria, eta gure Etxepare soinu kaxa baten dardararekin. Izan ere, gaur egun inork ezin du esan euskaraz ezin denik (hip-hop astakirtena behar dugun arren).

Errimaren artisauek sarkor, iraunkor jo gura gaituzte eta gogorarazi ez garela jaio egoteko zain, ez, eta dena aldatu nahi izaten dugula gu geu aldatu gabe (herrigintzaren posta kodearekin). Aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu, lur azpiko zolan, etsaiaz nahastea herri kirola delako hemen (horregatik, ahal bada, sua zaintzen dutenengandik hur). Bonbo eta kutxa da doinua, eta hizkuntza funtsaren funtsezko funtsa.

Eskerrik asko hip-hop bizitzari nerabe frikia nintzenetik emandako poz guztiengatik (B aldekoa beti). Eta barkamena testu hau egiteko lapurtu ditudan kantuen letragileei, baina gogoratu erremix kultura dela hip-hop herriaren muina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.