Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nazkatuta gaude kolonia izateaz?

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Joan den igandean, Xuntak Santiago de Compostelan dauzkan eraikin nagusiak inguratu zituzten 2.000 lagunek, Galiziako Gobernuak bere energia politika alda dezala eskatzeko. Ehun entitate pasatxo biltzen dituen plataforma sozial batek antolatu zuen protesta, Eolica Asi Non kolektiboak, eta haren eskaria izan zen eredu eoliko berri bat ezartzeko, «bidezkoa, jasangarria, ordenatua, eta herriaren zerbitzuan egongo dena». Horrez gainera, galdegin zuen geldiaraztea «energiarekin espekulatzen duten multinazional handiak inolako disimulurik gabe egiten ari diren erasoa, arriskuan jartzen ari baitira herrialde oso baten etorkizuna».

Handik egun batzuetara, ostegunean, hilaren 26an, Galiziako Gobernuak 75 proiektu eoliko onartu zituen, denera 1.958 megawatteko potentzia sortzeko gai izango direnak. Beste behin ere, prozesu hori onuragarri izan zaien enpresek Madrilen dute egoitza soziala, salbu eta Greenaliak, hori Galiziako konpainia elektriko bat baita, bere administrazio kontseiluko kideen artean dituena Galiziako Xuntan Alderdi Popularreko kontseilari izandako bi; bietako bat, Nuñez Feijooren Ingurumen arduradun izandakoa. Hori gutxi ez, eta proiektu eoliko horiek ingurumen eta ondare balio handiko lekuetan egin nahi dituzte.

Martxelo, Vicent, azalduko dizuet zertan den egiaz kontua: gaur egun, lurreko eolikoen bitartez 4.000 megawatt inguru sortzeko gaitasuna du Galiziak. Are, 2022an, bere lurraldean sortutako energiaren %40,5 esportatu zuen, eta jatorri berriztagarriko produkzio elektrikoa (14.524.646 megawatt-ordu) handiagoa izan zen Galiziako barne kontsumoa baino (13.359.478 megawatt-ordu). Konpainia eolikoek, ekitaldi hartan, 1.989,6 milioi irabazi zituzten Galizian, eta Iberdrola, Acciona, Endesa eta Naturgy dira herrialdeko potentzia eolikoaren ia erdiaren jabeak.

Gaur egun, Galizian 15.918 megawatt baino gehiagoko potentzia eolikoa dago tramitatzeko bidean; horietatik 7.200 sortzeko proiektuak, hain zuzen, 189 udalerritako 275 parketan egitekoak dira. Aldi berean, eskaria egina dago itsas eolikoen bidez 4.695 megawatt sortzeko, Galiziako itsasaldeko zenbait lekutan errotak ipiniz. Baina horrek guztiak ez dakarkie ez aberastasunik ez kalitateko lanik galiziarrei, zeren guztira berrogei langile baitituzte egoitza soziala Galizian jarria duten lehen 44 enpresa eolikoek. Gainera, konpainia horiek dauden udalerriak dira biztanle gehien galtzen ari direnak, eta herriotako herritarren errenta askoz ere txikiagoa da Galiziako batezbestekoa baino.

Argi dago zein den diseinu ekonomikoa, eta ez da diseinu berria. Galizia gero eta espezializatuago dago estatuko beste leku batzuk argindarrez hornitzeko energia elektrikoa sortzen. Jarduera horrek balio erantsi eskasa dauka, eta kostu sozial handia. Ikusteko dago ea, Castelaok zioen bezala, nazkatuta ote gauden kolonia izateaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.