Handik eta hemendik

Piztiaren itzala

Imanol Murua Uria.
2013ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Goia 2005eko maiatzean jo zuen Rajoyk, hildakoei traizio egitea egotzi zionean Zapaterori. Garaiak halakoak ziren. Aznarrek hatz ahalguztidunarekin izendatutako oinordekoa Moncloako jauregian ez bazegoen, M-11ko konspirazioaren ondorioz zen. Bestela esanda: ETAk jarri zuen Zapatero Moncloan. Hortik aurrera, dena libre. «Hildakoak traizionatzen ari zara», eta txalo zaparrada. Legealdi hartan, igandero mezetara joatea baino derrigorragoa zuten PPkoek AVTren manifestazioetara joatea. Piztia gogotik elikatu zuten, euskal auziarekin zerikusia zuten politiketan eragile izateko zilegitasuna emateraino. Rajoyk Zapaterori lekukoa hartu orduko sentitu zuen piztiaren hatsa. Josu Uribetxeberriari hirugarren gradua ematea «biktimei traizio» egitea zela esan zion Angeles Pedraza AVTko buruak iazko irailean, PPko aznarzaleek eta hedabide eskuindarrenek olatua egiten zioten bitartean. Geroztik, olatu horren beldurrez egiten du politika Rajoyk.

Ines del Riok Espainiako justiziarekin zituen zorrak kitatuta atera da kalera. Ez da ETAn sartu zenean seguruenik amestu zuen garaipena izan, ezta kartzelan sartu zutenean espero zezakeen bukaera ere. Legearen arabera zegokion zigorraldia bete du, bost urteko gehigarri bidegabearekin gainera; 26 urte giltzapean, alajaina. Piztirik gabe, Zuzenbide Estatuaren garaipenaz hitz egin ahalko zuten PPk eta PSOEk. Hau da, helburu politikoak lortu gabe eta zigor osoa beteta irten dela, egindako delituak garesti ordainduta. Baina ez daude pedagogia politikoetarako. PSOE ere ez da ausartzen AVT amorratuko duen ezer esaten. Beldurtuta dauzka Pedrazak, M-11ko biktima izanagatik ETAko biktima gehien elkartzen dituen elkarteko buru boteretsu eta arriskutsuak.

Bada, zorionez, bestelako ahotsik ETAren biktimen artean. Oier Araolazarena, esate batera. ETB1ko Airean saioan kontatu du, joan den asteazkenean, duela 33 urte bere osaba Jaime Arrese hil zuen presoa ere kalera aterako dela aurki, Parot doktrinarekin zigorra luzatu ziotelako dagoenez oraindik preso: «Nik oso garbi daukat, gure osabaren hiltzailea Parot doktrinaren ondorioz egon baldin bada behar baino gehiago kartzelan, hori erabat injustua izan dela. Oso garbi daukat baita ere bera eta bera moduan beste inor hiltzeagatik zigortuta daudenak ez direla ez heroiak, ez txalotzeko gudariak; gaizkileak dira, hiltzaileak. Oso ongi ulertzen dut luzaroan besarkatu ezin izan duten senide eta lagunek ongi hartzea. Baina hortik aurrera, luzaroan orain arte egin diren bezala, omenaldi publiko eta ongietorri zabalak antolatzea, uste dut giza eskubideen aurkako izugarrizko ankerkeria dela». Izebari buruz galdetu dio Jaime Otamendi kazetariak, alargunari buruz. Isilik egin ditu segundu batzuk, eta gero: «Pentsatzen dut senide gehienentzat mingarria dela zure senidea hil zuen pertsona kalean ikustea, baina horrek ez du zerikusirik justiziarekin». Mereziko luke orain arte baino arreta handiagoa jartzea halako ahotsei gure hedabideetan, ikuspegi hau jasotzea ere pedagogia baita.

Araolazak telebistan baino ordu batzuk lehenago hitz egin zuen irratian Hasier Arraizek. Estrasburgoko erabakiak eragindako poza biktimentzako mingarria izaterik ez lukeela nahi esan zuen, eta Sortuk bederen omenaldirik ez duela antolatuko. Estrasburgoko epaiari Euskal Herritik eman zaion erantzun oro har zuhurraren adibide esanguratsuena besterik ez da Sortuko presidentearena. Ondo baitaki Arraizek, Del Rio doktrinarekin kalera irtengo diren presoak gorabehera, askoz gehiagok jarraituko dutela barruan; eta, piztiaren zaunkak gorabehera, lehendik zailak dauden baldintzak are gehiago ez zailtzea dagokiela haientzat ere konponbidea nahi duten guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.