sonia gonzalez

Seibat

2026ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

- Urte berri on!

- Halan ekarri!

- Zelan?

- Bueno, halan-holan...

- Oraindik?

- Bai. Agur hau ez neukan prestaturik.

- Badirudi mutil-laguna hil zaizula, neska!

- Ba ez, baina ezein mutil-lagunekiko baino harreman luzeagoa izan da, zu!

- Hartu! Ea pernil apur batekin pasatzen zaizun! Extremadurakoa da eta...

- Zantar hori! Nora noa ni honelako jende-moduarekin?

- Honen kaustikoa ez banintz, ez nindukezu hainbeste estimatuko, kar!

- Beinke! Ekarzu hona eta atera ardo tragoxka bat... Non amaituko zuen maketa hark? Etxe aldaketaren batean edo batek daki non galdurik... Sarritan gogoratzen dut, TDK kasetean grabaturik. Lagun baten grabaketatik egindako grabaketa zen... Pletina biko loroak «azken txilioa» ziren... kar!

- Eta maketa hori atera ahal izateko, huraxe bai crowdfundinga! Seguruenik bada hori gauza berria dela uste duenik, baina, larregitan gertatu bezala, berritasun bakarra ingelesezko izena da. Uste dut milana pezeta eskatu zituztela... Ene! Lagunen seina euro eta abentura hasi zen, kar!

- Disko bakoitzak gogora ekartzen dit nor nintzen momentu hartan, non nengoen, nor zen nire alboan. Neure burua gogoratzen dut, jadanik existitzen ez den institutuan pando egiten, parkean gaiztakerietan ea bazterretan norabiderik topatzen genuen!

- Parkeko duendeak ginen.

- Beinke! Koloretan jantzita eta txintxirrin eta kinkilak edonondik eskegita! Kar! Badakizu? Lehen momentutik maitasun absolutua izan zen, denborarekin, maitasun inkondizional bihurtzen joan zena.

- Maitasunak, benetan maitasun izateko, baldintza bakoa behar du izan.

- Bota malenkoniaren kontrako edabe magiko horren tanta bat gehiago!

- Zer gertatu zaizu, hilkortasuna gogorarazi al dizu honek? Lehenago edo beranduago denok horrantz goazela? Beldurrik, ala?

- Batere ez. Existentzia gauza pisutsua da berez.

- Existentzia gauza basatia da.

- Porroten eta arrakasten nahaste-borrastea.

- Nork esango zion herriko drogata pelúo, greñúo hari Arte Ederren domina irabaziko zuela?

- Nork esango zien gainontzekoei?

- Hara! Entzun al zenion Abascal sasikumeari?

- Ez. Zer bota zuen aho beltz horretatik, ba?

- Plasentziako Kongresu-jauregian omenaldia egin ostean, aretoa fumigatu edo desinfektatu behar zela edo halako zeozer. Sinistu zenezake?

- Artea gorroto dute, pertsonak animal nahi gaituzte, baina ez Extremodurok gorpuzten zituen animaliak, ez, aberetu nahi gaituzte eta jakin badakite artea dela horren kontrako antidoto boteretsua. Bai, batzuei gorrotoa eta zekenkeria baino ez zieten irakatsi.

- Nork ulertarazi Robe gure Rilke izan litekeela?

- Itxoin, itxoin, itxoin... beittu ze liburu daukadan hemen.

- Bai, baina atera beste trago bat eta pernil apur bat gehiago.

- Ez duzu jaietan nahikoa izan?

- Nahiko bai, baina ez sobran. Kar!

- Beittu zer zioen Rilkek maitasunaren paradoxaz, maitatuak izateko premia infinituaz eta maitatzeko ahalmen hauskor eta mugatuaz. Eta beste pasarte hau, norberarentzako mundu bilakatzeaz beste batenganako maitasunagatik. Ez da ideia txarra lan baterako: maitasunaren kontzepzioa Rilkeren eta Iniestaren poesian.

- “Robe, asko maite zaitut. Onena zara, Robe” entzuten zaio neska bati zuzeneko diskan. Denok izan gara neska hori, maite-oihuz, odol eta haragizko pertsona horrengatik baino, barruak astintzeko moduagatik, hala sentiarazteagatiko esker onaz.

- Askatasuna dirutzan eta jabetza materialetan ezkutatzen dela uste duten berberek benetako askatasuna erdeinatzen dute.

- Inbidiatsu hutsak dira.

- Eta hegal egiten duen pentsamendua arbuiatzen dute.

- Jeloskor hutsak dira.

- Ito daitezela konbentzio sozialetan, inoren aginduetara eta lelo errepikakorren pean.

- Zer nahi duzu holakoek ulertzea? Ez dakite Extremadurak galzorian dagoen hizkera propioa baduela, castúo deritzona. Ez dakite aberastasun hori aldarrikatzen dela Roberen obran. Ez lirateke gai izango bere letrak blaitzen dituzten erreferentzia literariorik bat ere aurkitzeko.

- Horretarako, irakurle amorratua izan behar. Zoaz eta kontatu George Orwell difuntua 1984an argitaratzen jarri zuenari. Winston nahiko luke berak, baina Smith arruntera ere ez da heltzen, kar!

- Entzun, horra hor beste ideia bat lan eder baterako: metaliteratura Iniestaren poesian.

- Edota naturaren presentzia, bukolismotik harago, naturaltasuna bilatzeko ahalegin moduan.

- Bai, badago nondik heldu. Et, et, et, zertan zabiltza, ardo pitinak gordetzen?! Amaitu botila hori, neska!

- Ondo, baina gero goazen kalera, paseotxo bat ematera.

- Kantari joan gaitezke, ea Pedrá hasieratik amaierara arte segidan kantatzeko gai garen!

- 35 minutuko kanta da. Ariketa mentala egiteko gogoz, ala?

- Prefosta! Kar! Gainera, jaien ostean, kiloren bat galtzea ez legoke txarto eta kaloria gehien gastatzen dituen organoa burmuina denez...

- Ixi! Ez dadila inor entera!

- A, bide batez, ba al dakizu zer esan zidan J-k? Berandu dela honetaz hitz egiteko.

- Eta zer erantzun zenion?

- Ni berehalakotasunaren tiraniatik at bizi naizela.

- Kar!

- Halantxerik!

- Ez egin kasurik immanentziaren balioaz ezer ez dakien jendeari, kar!

- Balio handia, bai, batez ere traszendentziarik izango ez dugunontzat!

- Kar!

- Kar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.