sonia gonzález

Seihamaika

2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

- Ene! Zelan freskatu duen, ezta?

- Eguraldiak bai, baina giroa ondo bero dago, neska!

- Egia. Ez nengoen ni halako hauteskunde kanpainarako prest.

- Beste hainbat ere ez! Kar! 

- Aizu! Gogoratzen duzu, harakoan, Sanchezek Rajoyri «indezente» deitu zionekoa? Egundoko kalapita sortu zen!

- Harakoan diozu... Bai, beste bizitza batean izan zela dirudi, baina ez da hainbesteko denbora. «Indezente»... Ene! umekeria dirudi gaur-gaurkoz. 

- Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Badakizu zer den kezkagarriena? Zelan ari diren izaki humanoaren zitalkeria morala eta grina beltzenak elikatzen.

- Sasoi latzak bizi gaitu, bai, non krudelkeria, mina eta sufrikarioa cool erakusleak diren. Jendea ez da konturatzen horrela, norbera pertsona tristeago eta ilunago bihurtzeaz gain, bumeran eraginaz, eurek ere zigorturik amaituko dutela. 

Paula Roson
Paula Roson

- Halantxerik, zigorraren politika eskaintzen da, odola eskatzen duenaren erara eskatua izan dadin: pentsiodunak zigortu, langileak zigortu, emakumeak zigortu, etorkinak zigortu... Zaharrak berri!

- Bai eta ez. Oraingo honetan, halako asmoak inolako lotsa eta disimulurik gabe plazaratzen dituzte. Baina, gainera, badakizu zer beste daukadan azkenaldi honetan buruan bueltaka eta jiraka? 

- Zer?

- Atzean ezkuta daitekeen beste zerbait.

- Zer esan nahi duzu?

- Beittu, esaterako, PPk gutxieneko soldataz esan zuenaz pentsatzeari ekin nion. Gerora, egia da, zelanbait, atzera egin edo leundu zutela, akaso ageriegi geratu zelakoan. Baina euren asmoa enpresaburuen eta sindikatuen arteko aferan uztea ei da. Horrek, praktikan, enpresaburuen apetaren menpe uzteko helburua bilatzeaz gain, Estatua araugintzatik aldentzea ere esan nahiko luke. Eta gutxieneko soldata adibide bat baino ez litzateke.

- Bueno, azken batez, horixe izan da ahalegina neoliberalismoa jaun eta jabe denetik, ezta?

- Berriz ere, bai eta ez. Ordudanik pairatzen ari garen politikak Estatua txikitzera etorri ziren, ondo dakigunez, eta ildo nagusi bitan egin zuten: pribatizazioak eta desregulazioa. Pribatizazioek eta pribatizazioetarako bideak zer dakarren ondo ezagutzen dugu. Desregulazioari dagokionez, orain arte, gehienbat, kapitalarentzako arau onuragarri eta malguetan gorpuztu da. Baina Estatua araugintzatik guztiz aldentzen bada, hortik kanpo geratzen bada, zeintzuk funtzio geratuko litzaizkieke, orduan?

Politika, bere formulazioa edo egituraketa edozein dela ere, polisa, jendartea, zelan antolatuko den erantzutera dator, edo etorri beharko litzateke. Eta, zelan egiten da hori? Arauekin. Araurik gabe, oihanaren legea.

- Bi baino ez, suposatzen dut: kontrol soziala eta zergak.

- Holantxerik! Araugintza Estatuaren funtzio nagusia da, politikaren funtzio nagusia denez gero. Azken batez, politika, bere formulazioa edo egituraketa edozein dela ere, polisa, jendartea, zelan antolatuko den erantzutera dator, edo etorri beharko litzateke. Eta zelan egiten da hori? Arauekin. Araurik gabe, oihanaren legea. Uko egite hori egunerokora ekarrita: adibidez, pentsioak enpresen esku geratuko balira, imajina egizu zer izango litzatekeen. Presio, mehatxu eta xantaiarako beste elementu bat izango lukete euren esku, oraingo bizi baldintzekin ez ezik, etorkizunarekin ere jolasteko.

- Ene bada! Burutik pasatu ere ez! Egia da, soldata eta lan baldintzak ez ezik, etorkizuneko soldata eta bizi baldintzak ere enpresaburuen esku! Aioiene! 

- Ez da ezer berria. Pentsioekin eta osasun estaldurarekin halaxe jokatzen dute Estatu Batuetan, besteak beste. Neoliberalismoaren arietea den herrialde horretan, Estatuak araugintzari uko egin zion hainbat aferatan. Ba al zenekien, esaterako, administrazioa ez dela substantzia kimikoen toxikotasuna kontrolatzen duena? 

- Ez, ala?

- Ez, enpresen esku dago. Substantzia horiekin aberasten direnak dira txekeatu behar dituztenak eta toxikoak ote diren abisatu behar dutenak. Autokontrola deitzen zaio kontrol faltari.

- Autokontrola? Estatu espainolean publizitatea «autokontrolatzen» dela ezagutzen nuen... Ummm, akaso horixe da sektore berriekin bilatzen dutena... Eta teknologika handiak dauzkat buruan.

- Beinke! Eta, esaten zenuenez, batetik, kontrol soziala —totalitarismoranzko bideaz behin baino gehiagotan hitz egin dugu—; bestetik, zergen bilketa. Zer bihurtuko litzateke Estatua? Bitartekari huts. Robin Hood eta halako pelikuletako irudiak datozkit: harako zerga biltzaileak, basoetatik, herririk herri, zaldi gainean glebako zerbitzariak diruz ustiatzen jaun feudalarentzat.

- Orain sarri hitz egiten da neofeudalismoaz...

- Suposatzen dut hodeiertzean marrazten den sistema berriaren beste hanka bat izango litzatekeela. Horri gehitu ahal diogu Varoufakisek aipatzen duen teknofeudalismoa eta gehitu ahal diogu, beste maila batean, ekonomia produktibotik gero eta diru gehiago desbideratzen ari dela ekonomia espekulatzaile eta errentistara... Ongi etorri Erdi Aro 4.0-ra!

DANBA!

- Ene, zer izan da hori?

- Ez al dizut esan odolosteak mikrouhinean ez berotzeko? Hori sakrilegioa hori! Areago, lagunek etxeko txerri eta etxeko porruekin egindako buzkantz hauek!

- Eztanda egin du, baina!

- Inplosionatu egin du, PPk, oraingo honetan ere ez bada agintera heltzen, egingo duen bezala, kar!

- Imajina zenezake?

- Ozta, baina bai. Baita Feijoori emango lioken jamakukoa ere, kar! 

- Ba, hala suertatzen bada, tankeak kalera ateratzea baino ez dute falta.

- Ixiiiiii...

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA