- Aioiene! Enteratu zara? Faxismoak irabazi duela berriz ere... Non eta Alemanian!
- Berriz ere?
- Hitlerrek hauteskundeak irabazi zituenetik, esan nahi dut.
- Zu ere bai, Bruto, ene semea?
- Et, et, et!!!
- Bueeeno, Bruta, ene alaba? Kar! Ez al dakizu, Hitlerrek, nahiz eta hauteskundeetara aurkeztu eta nahiz eta boto kopuru handia atera, ez zuela irabazi?
- Ez?
- Ez. Nahi duzu kontatzea zer gertatu zen?
- Edozer erantzuten dudala, badakit kontatu egingo didazula, ezta?
- Zelan ezagutzen nauzun! Kar!
- Orduan, ez bazuen irabazi, zelan heldu zen gobernura, ba?

- Spoilerra: orduan ere eskuma parlamentarioa izan zen faxismoari bidea parez pare zabaldu ziona... Beittu, Von Papenek, Alemaniako kantzilerra izandakoak, hauteskunde ostean, Hitlerrekin koalizio gobernua adostu zuen. 1933ko urtarrilaren 30ean, Von Papenek, harro baino harroago, gobernu berria komunikabideei eta munduari aurkeztu zien. Bera kantzilerordea baino ez zen izango, Hitlerrek kantziler nahi zuelako izan. Hala ere, praketan ezin sartuta zegoen Von Papen, bere abilezia taktikoagatik puztuta. Hitler afizionatu hutsa baino ez ei zen; bere ingurukoak, plantoso eta inkonpetente kuadrilla. Hinderburg presidenteak ez zuen jokaldia argi ikusten, baina Von Papenek zin egin zion jende serioa, enpresaburuak, bankariak, militarrak, aristokratak, arduratuko zirela erritmoa markatzeaz. Bera, Von Papen, elite eta botereguneetako gizon prestua, arduratuko zen Hitler otzantzeaz. Hilabete bitan bazter batean menperaturik egongo zela esatera ausartu zen. Hilabete bi igaro baino lehen, Hitlerri botere guztiak eman zizkion legea sinatu egin zuen.
- Ene bada! Listotontoz beteta dago mundua!
Zantzuak hasi dira igartzen, New Yorketik Berlinera... Beharbada, dena ez dago galduta, baldin eta benetako lehentasunek kaleak hartu eta alternatiba behartzen badute. Badakizu, Gramscik bezala, adimenak ezkortasunera narama, baina baikorra izateko borondatea daukat
- Itxoin! Okerragoa da eta! Hamarkada bat lehenago, Italian antzera gertatua zen. Giovanni Giolittik, Italiako Lehen Ministroak, 1921eko maiatzean hauteskundeetara deitu zuen. Sozialismoaren gorakadari aurre egiteko, pentsatu zuen ideia ona izan zitekeela Mussoliniren mugimenduari toki bat egitea osatutako Bloke Nazionalean. 35 diputatu faxista, Benito barne, sartu ziren Parlamentura. Hauteskundeetan gehiengoa lortu arren, Giolittik dimisioa eman zuen hurrengo hilabetean bertan. Mussoliniren Erromarako martxa 1922ko urrian izan zen. Faxismoa ohiko indar politiko moduan integratzeko estrategiak porrot egina zuen.
- Historikoki, integrazioaren estrategiak ezkerrarekin emaitza nahiko onak izan dituen arren, faxismoak bere helburuak askoz argiago ei dauzka, ezta?
- Ez ahaztu faxismoa instrumentala dela beti, mugako lapurretarako bitarteko politikoa.
- Bai, eta darion gorrotoa herria instrumentalizatzeko modua.
- Goikoek estutu egiten dute, estutu eta estutu, mundua mundu denetik, kapitalismoa baino askoz lehenagotik. Baina momenturen batean, estutzearen estutzeaz ezer geratzen ez denean, orduan, azken duintasun-hatsarekin, hori ere erauzi baino lehen, jendea altxatu egiten da. Halako ataka hel litekeela aurreikusita, zenbaitek erabakitzen dute hori ekidin dezakeen sistema bakarra totalitarismoa dela.
- Nire aitak esango zukeenez, ekilikua!
- Estatubatuarrei galdetu beharko genieke ea zelan joan zaien...
- Gaur-gaurkoz hasi dira konturatzen, hezur-haragitan, arrazakeriaren eta gorrotoaren botoa oso garesti ordaintzen dela.
- Estatu Batuetara joan garela, ez al da adierazgarria Marcos de Quintok, Maritxalar kondearen semeak, Esperanza Agirrek eta lepoko bizkarra sekula makurtu ez duten Espainiako beste Handi batzuek aireratu zuten azken erronka? Mariskoaren gorria eta urdaiazpiko garestiaren koipe hondarrak ahoan, azaroa iragarri zuten Estatuko hauteskunde deialdirako. Datak zer pentsatua eman zidan. Akaso Estatu Batuetako azaroko hauteskundeek trumpismoari ekarriko dioten deskalabrua aurreikusten?
- Ultraeskumako Internazionalak kolpe handia har dezake, sostengu sozialean, baina baita finantzaketan ere.
- Badakizu? Bazirudien mundu zabalean diskurtsoaren lehia irabazia zutela, bazirudien lortua zutela immigrazioa jo puntuan kokatzea, Washingtonetik Varsoviara, Londres eta Ceutatik pasaturik. Baina fantasiazko gatazkek errealitatearekin egiten dute talka lehenago edo beranduago... Eta ez dago ezer errealagorik baldintza materialak baino.
- Etxebizitza, adibidez.
- Adibidez... Zantzuak hasi dira igartzen, New Yorketik Berlinera... Beharbada, dena ez dago galduta, baldin eta benetako lehentasunek kaleak hartu eta alternatiba behartzen badute. Badakizu, Gramscik bezala, adimenak ezkortasunera narama, baina baikorra izateko borondatea daukat.
- Edozein kasutan, zelan esan duzu lehen, KaraPapel?
- Atx! Zelan daukazun burua! The Simpsons-en maratoia berriz ere, ala? Von Paaapen...
- Ai, neska, ez nuen gizon hori ezagutzen! Baliteke izen batzuk nahita ahaztu eta ezabatu izana, pasa den mendeko faxismoaren hondamendiaren erantzukizuna, osorik eta soilik, herritar nahasien bizkar gera zedin.
- Ba nik, bien bitartean, pentsatuko dut ea zure izenarekin zer egiten dudan... Hemen zabiltza, neska, pastelari ekin eta ekin, baina aurton ez zara etorri sagarrak batzen laguntzera, e?
- Ops! Egia da! Eskerrak maite nauzun!
- Eskerrak! Kar!