Burujabetza desagertzear omen zegoen, globalizazioaren ondorioz. Ez zen desagertu, noski, eta globalizazioaren gaur egungo krisian, indartsu ageri zaigu kontzeptu eta praxi politiko gisa. Iraultza teknologikoak estatuen arteko lehia basatia berpiztu du, eta potentzien arteko eragin-eremuak birmoldatzen ari dira. Eragin-eremu horiek finkatzeko orduan, subiranotasunaren muinean dauden galdera klasikoak mahaigaineratu zaizkigu berriro ere: nork agintzen du non eta nortzuen gainean? Eta, mundu garaikidean, ezinbesteko beste galdera bat gehitu behar zaie aurrekoei: nola agindu?
Iraultza betean murgilduta gaude: iraultza teknologikoa, energetikoa, zientifikoa, klimatikoa, ideologikoa… Ziurgabetasuna barreiatu da. Eta ziurtasun bila, gertuko esperientzietara jotzen dugu: lurraldea, komunitatea, iragana, tradizioa… Kezka pertsonal eta kolektiboak baretzeko komunitate lekutuak behar ditugunez, eremu birtualetatik eta «hodeietatik» lurrera dator subiranotasuna. Lurraldera eta gertuko komunitatera itzultzeko joera horrek, ordea, norabide ideologiko desberdinak har ditzake. Nabarmena da nazioaren eta burujabetzaren ideiak bueltan direla mundu osoan (inoiz inora joan baziren...), baina zer printzipio, balio eta oinarriren gainean dator itzulera hori?
Izan ere, subiranotasuna modu desberdinetan uler daiteke. Kontzeptu hori gizarte jakin batean nola ulertuko den, zein motatako portuan ainguratuko den, hori ez dago aldez aurretik finkatuta. Urte luzez subiranista kontzeptuaren ulerkera jakin bat izan da nagusi, baina orain portu ideologiko desberdinetan ainguratzen hasi da: gaur egun, subiranista bezala defini daitezke AEBetako trumpista bat, Aliança Catalanako kide bat, Euskal Herriko sindikalista edo gizarte mugimenduetako kide bat, edo Eskoziako ekintzaile independentista bat.
Euskal Herriko mugimendu subiranista anitz eta zabalak herritarren eskubideetan oinarritutako eredua du, bultzaka datorren olatu erreakzionarioaren ikuspegi itxi eta baztertzailetik urrun. Badugu, hala ere, zertaz hausnartu
Beren burua subiranistatzat jotzen duten eragileek, mugimenduek eta norbanakoek, beraz, oinarri zeharo ezberdinak dituzte, eta, kasu askotan, erabat kontrajarriak. Ñabardurak ñabardura, bi joera nagusi suma daitezke munduan. Batetik, portu subiranista erreakzionarioa deitu dezakeguna. Burujabetzaren ontzia eskuinaren portuan ainguratu baita herrialde askotan: AEBak, Alemania, Frantziar Estatua, Espainiar Estatua, Hungaria... Joera horrek tokian tokiko aldaerak ditu, planteamendu kontrajarriak ere badira haien artean, baina zenbait diskurtso eta praktika partekatzen dituzte: indibidualismoa, estatu sozialaren higadura, xenofobia, migrazioaren kriminalizazioa, sekurokrazia, anti-feminismoa, neoinperialismoa... Bestetik, portu subiranista aurrerakoia. Estaturik gabeko nazio gehienetan burujabetzaren aldeko mugimendua, mugimendu subiranista, aurrerakoia izan da orain arte: zuzenbide estatu sozialean sakontzea, merkatuaren lege basatiari mugak jartzea, burujabetza politikoaren eta eskubide sozialen arteko lotura, genero zapalkuntzaren kontrako borroka, multilateralismoa, identitatearen ikuspegi dinamiko eta barneratzailea... Portu horretan ere, noski, tokian tokiko aldaerak daude.
Otsailaren 28an, larunbatarekin, hori dena aztergai izango dugu Gure Esku-ren II. Konferentzia Subiranistan, Bilboko Bizkaia Aretoan, Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburupean. Gaur egun, euskal herritarrok behar-beharrezkoa dugu burujabetza, aurrean ditugun erronkei aurre egiteko. Argi dago, halaber, Euskal Herriko mugimendu subiranista anitz eta zabalak herritarren eskubideetan oinarritutako eredua duela, bultzaka datorren olatu erreakzionarioaren ikuspegi itxi eta baztertzailetik urrun. Badugu, hala ere, beste herri batzuetako esperientziatik zein gaur egungo geure errealitatetik abiatuta, zertaz hausnartu. Besteak beste, elkarrekin jarduteko komeni delako aldez aurretik elkarrekin pentsatzea.
Eta horretan lagunduko digute konferentziako hiru mahaitan parte hartuko duten hizlariek: besteak beste, kazetariak, nazioarteko ordezkariak eta adituak izango dira bertan.
Horregatik guztiagatik, II. Konferentzia Subiranistan parte hartzeko gonbita egin nahi dizuet. Konferentziak Euskal Herrian burujabetzaren eta naziogintzaren esparruan ari garen eragile, mugimendu eta norbanakoen bilgunea izateko bokazioa du. Gure Esku-n argi dugu garai historiko honek burujabetzaren bidean jauzi bat egin beharra eskatzen duela, eta hori egiteko, funtsezkoak direla lankidetza eta akordio zabalak. Beraz, gogoeta egin dezagun elkarrekin, elkarrekin jardun dezagun. Otsailaren 28an izango dugu hitzordua, Bilboko Bizkaia Aretoan.