Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Teoriak hausten

2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Iazko urriaren 21ean egunkariak irakurri ondoren inork lo hartu eta, urtebeteko loaldi luzearen ondoren, joan den astelehen goizean esnatu balitz, eta egunkari jakin batzuk irakurri, ondorioztatuko luke ETAren behin betiko bukaera ez zela hain behin betikoa, eta gauzak lehengora itzuli direla. Begira, adibidez, Abc-ren azala. Ia orri osoa hartzen duen argazkian, lau polizia kaputxadunek emakume bat daramate, eskuak bizkarrean lotuta, eta izenburu hau azpian: «ETAk armamentu buruzagia galdu du».Ez da Abc-ren asmakizuna. El Pais-ek, El Correo-k eta beste askok ere badiote Izaskun Lesaka ETAren egitura militarreko burua zela, edo armen eta lehergailuen ardura zuela.Gero, Aurore Martinena etorri da. Urtebete hau esna ez baduzu egin, albisteek hau diotsute: ETA egurrean ari da.

Baina ez da ari. ETA, zorionez, talde armatuen amaiera prozesuak aztertzen dituzten politika zientzialarien bazka da dagoeneko. Marta Crenshaw, Audrey Cronin, Leonard Weinberg, Martin Libicki, Ben Connable eta Seth Jonesek, esate baterako, Euskal Herrira begira egon beharko lukete dagoeneko. New Yorkeko Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako atentatuez geroztik izugarri garatu da talde armatuen, matxinatuen edota terroristen ikerketa Estatu Batuetan. Eta ikerlarietako batzuek talde armatuen bukaera prozesuei jarri diete arreta. The End of Terrorism? (Terrorismoaren bukaera?) argitaratu du Weinbergek 2012 hasieran; How terrorism ends (Terrorismoa nola bukatzen den) atera zuen Croninek duela hiru urte; How terrorist groups end (Talde terroristak nola bukatzen diren) plazaratu zuten Libickik eta Jonesek duela lau urte; eta How insurgencies end (Insurgentziak nola bukatzen diren) Libickik eta Connablek, 2010ean. Crenshawek, bere azken liburuan (Explaining terrorism, Terrorismoa esplikatzen, 2011) bi kapitulu eskaini dizkio talde armatuen bukera prozesuei.

Liburu berri samarrak dira guztiak ere, baina goizegi idatzi dituzte, ETA adio esan duten erakundeen artean sartu ahal izateko. ETAri buruz ezer esaten dutenek zer esaten duten kontuan hartuta, gainera, akaso hobe horrela: inori ez zaio antzematen euskal kasuari buruzko ezagutza zorrotzik. Ingelesez argitaratzen dena dute erreferentzia eta, jakina, IRAri buruz askoz gehiago ikasi daiteke ingelesez bakarrik irakurrita.

Baina badakite zerbait. Croninek 457 talde armaturen bilakaerak ikertu ditu, Weinbergek 433renak, Libickik eta Jonesek 648 talde izan dituzte ikergai, eta Libickik eta Connablek 89 kasu aukeratu dituzte. Crenshaw 1970eko hamarkadan hasi zen gai honekin, eta horretan ari da oraindik. Nork bere teoriak eta ondorioak plazaratu dituzte, norbere ñabardurekin. Baina zenbait joeratan ados daude. Esate baterako: talde armatuak ahultzeko, errepresioa eraginkorra izan daiteke askotan (ez beti), baina errepresio hutsarekin nekez lortu ohi da bukaera iraunkorrik; eta talde armatu batek bukatzea erabakitzen duenean, gobernuak hainbat neurrirekin bukaera hori bideratzea da ohikoena. Crenshawek, ikerlari horien guztien maistrak, aholku bat du ataka horretan diren gobernuentzat: ez pentsatu epe motzean, luzean baizik.

Teoria frogatzaile esaten zaie teoria orokor batek balio ote duen frogatzeko aztertzen diren kasu partikularrei. Alegia, teoria orokorra zehaztu ondoren, kasu bat aztertzen duzu, teoria orokorrak balio duela egiaztatzeko. Nork bere teoria orokorra zehaztua dute Crenshawek, Croninek eta abarrek. Nago izutu egingo direla ETAren bukaeraren kasua eta, batez ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren erabakiari emandako erantzuna serio aztertzen hasten diren egunean: teoria guztiak hankaz gora jarriko dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.