andoni egana
PLAZATIK

Topo eginez

2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
A ste Santua da topikoen erreinua. Topo, ordea, hainbat tokitan egiten dugu, eta topo egiten dugun toki horiek oso dira elkarrekiko desberdinak. Eta izugarri kostatzen da topagunea norberarena bakarra ez dela, gehiago ere badirela, zinez sinestea.

Eliz-funtzioetan egingo zuten askok topo. Topikoa entzungo zuten: azken afariarena, Kristo gurutziltzatuarena, Kristo berpiztuarena… Elizak funtziorik ez duenaren sinesmenean egingo zuten topo beste askok. Topikora joko zuten: opor egunak aprobetxatzera, atseden hartzera… Bi ikuskerek nekez egingo dute bat, biak ala biak bertan goxo sentitzen baitira, norbaitekin behintzat topo egin dutelako.

Aste Santua oporretarako baliatzen duten askoren topagunea bidaia da. Nora edo nora irten. «Arnasa hartu», «errutinari ihes egin», «bazterrak ezagutu», eta gisako esamolde topikoak erabiliko dituzte abiatzean, eta «paraje zoragarriak», «tximista baino azkarrago joan zaigu aste betea» eta horrelakoak bueltan. Beste askoren topikoa tokikoa izaten da sarri. «Hain urrutira joan gabe bertan ere badira txoko ederrak», «egunero-egunero egingo dugu plan desberdin bat», «zertara jo urrutietara auzokoa ezagutzen ez badugu»… esango dute, aho batez, bertan geratzea erabaki dutenek. Eta, haientzat, hauek zoko zaporea izango dute, eta, hauentzat, haiek ez dira kanpo-larroxak baino izango. Gustura, ordea, guztiak ere, sail batean ez bada bestean, topo egin dute eta.

Bruselan gertatuari buruzko gogoetek ere, topo egiteko bidea eskaini dute astearen bihotzetik. Bi topagune aise bereiziko ditugu, ordea, gaitzespenaren baitan. Asteazkeneko BERRIA-n Twitterren mokoka saila begiratuta, ezin hobeto kokatu ahal izango ditugu biak. Batzuek, hemen borroka armatua indarrean zeneko eskemak errepikatuz gainera, gaitzetsi egingo dute atentatua bere-berean, bestelako konparaziorik edo aipamenik gabe. Beste batzuen gaitzespenak arazoaren erroak bistara atera gabeko onik ez du izango, Bruselakoarekin batera Siria, Kurdistan, Europa eta kapitala aipatuz. Txioak irakurtze hutsa aski da zein norena izan daitekeen asmatzeko. Eta pentsatzeko, bi topagune badirela hor elkarrengandik aski urrunak, bat egiteko itxura oso gutxi dutenak.

Aberri Eguna da topo egiteko beste leku bat. Horrelako egunek, topo egin ezean, ez lukete zentzurik. Topo egiten da Aberri Egunez. Topagune batean baino gehiagotan, ordea. Tokitan dago toki bakarra! Burujabetzan sakontzeko ahaleginari buruzko diskurtsoa izango dute batzuek topagune. Autogobernuaren aipamena egingo dute hitzetik hortzera. Aberri bat izango dute aipagai. Beste batzuek Euskal Estatua jarriko dute jomugan. Independentzia aipatuko dute. Beste aberri bat, ahal balitz bestelakoa. Ahal Dugu-koena izan daiteke aurtengo nobedadea. Aberri Eguna baliatuko dute beste kontu batzuk premiazkoagoak direla gogora ekartzeko. Bakoitzak bereekin egingo du topo, eta urrun sentituko ditu, oso urrun, gainerakoen topalekuak.

Euskarak, hizkuntza orok, berez du topagune sena. Hizkuntz Politikarako Sailburuorde Patxi Baztarrikak esandakoekin topo egingo dute batzuek, eta tope beste askok. Helburuek errealista behar dutela adierazi berri du. Hala izan ezean etsipenak jango gaituela. Helburu harrapaezinakjartzea baino egokiago iruditzen zaio tarteko helmugak jarri eta haiek betez joatea. «Amets txikiak» deitzen die, nonbait, berak. Izango da hitzok topagune joko dituenik. Izango da «amets» eta «txiki» esaldi berean jartzea oximorontzat edo poesia hutsaltzat hartuko duenik ere. Nik… ehuneko laurogeita hamarra gazteleraz bizi dela badakidan baten balkoian eskegita sumatu dut Euskaraz bizi nahi dut zapia. Topikoak apurtzen primerakoa den Xapre lagunak segituan emango lioke erantzuna nire ezinegonari: «Ulertzekoa duk hark jartzea! Bizi ez denak jarri behar, ba, bizi nahi duela!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.