Gaintzako alkatea

Administrazio publikoa herri txikiak itotzen

Jon Gorrotxategi
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoan komunitate sendoa osatzeaz hitz egiten zaigu sarritan, baina herri txikietan administrazio lana burutzea ezinezkoa egiten zaigun honetan eta laguntza baino traba gehiago jartzen zaigula sentituz, itolarritik eta inpotentziatik idaztea besterik ez zaigu geratzen.

Legealdia hasterako, Gaintza-Zaldibia Elkartean idazkari kontu-hartzailea lekuz aldatu zen, eta ondorioz udalaren ardura juridiko-ekonomikoa eramango duen inor gabe gaude. Elkarte horretan Gaintzak %9ko dedikazioa du (astean hiru ordu). Elkarte hori desegiteko akordioa bi udaletan hartua dugun arren, 2024ko abenduan amaitu behar zen plaza egonkortzeko prozesua gauzatu gabe egoteak ez digu beste bide bat hartzen uzten. Gaintzak astean hiru ordu baino gehiagoko dedikazioa behar duela inork ez du zalantzan jartzen, aspalditik administrazioak egunero sortzen dituen tramite nekagarriak erantzun ezinik gaudelarik. Aldundiko teknikari eta arduradun politikoei, Jaurlaritzakoei eta parean jarritako guztiei gauza bera errepikatu diegu, baina inork ezin omen du ezer egin.

Gure ezinaren adibide batekin ulertuko duzue nolako legealdia izaten ari den. Ekainaren 13ko euriteek kalte larriak eragin zituzten Gaintzako bost baserri bidetan eta beste hainbat erreka eta errekastotan. Aldunditik atera ziren diru laguntzetara aurkeztu ginen, eta orain aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko eskaria etorri zaigu, idazkariaren sinadura falta dela esaten zaigu. Hori egin ezean, laguntzarik gabe izango gara. Nola sinatuko dugu, ba, idazkaririk ez badugu? Gipuzkoa osoa pasatu behar dugu sinadura hori egingo digunaren bila, aurreko astean ordenantza fiskalak onartzeko osoko bilkura egiteko ibili ginen bezala. Aldundiari hori egingo digun norbait eskatu eta herri bateko idazkariarengana zuzentzen gaitu, euren ardura gainetik kenduz. Arabako eta Bizkaiko Aldundiek horrelako irtenbideak ematen badituzte ere, Gipuzkoan ez.

Jaurlaritzako arduradunek omen dute konpetentzia, eta eurei ere eskatu diegu behin betiko irtenbidea, plaza noiz egonkortuko den inork esaten ez dakien honetan, Zaldibia-Gaintza Elkartea desegiten utzi eta guk gure bidea eginez dedikazio handiagoko idazkari-kontu hartzaile bat hartzea. Hori ere ez digute uzten, eta bitartean herri koskorragoek euren langileekin sinadurak lortzen dituzte, baina guk ez.

Esan bezala, legealdi osoa daramagu honela, eta irtenbiderik ez dugu, inor ez da gure lekuan jartzen. Inpotentzia ikaragarria da, esku artean ditugun gai garrantzitsuak blokeatuta daude. Administrazioak hil ala biziko egoeran jartzen gaituenez eta eguna joan eta eguna etorri arazoak pilatzen zaizkigunez, itota sentitzen gara.

Baliabide ekonomikorik eta bitarteko juridiko administratiborik gabe, gure herriaren garapena, lehenaz gain, aurrera egin ezinik geratzen da. Beti eskean ibiltzera kondenaturik gaude, eta, oraingoan, gure lana betetzeko oinarrizko bitartekoak dira eskakizun horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.