Mungia

Agenda eta espazio publikoak herriarentzat!

Lore Nekane Billelabeitia (Mungia Herriratu dinamikaren izenean)
2026ko maiatzaren 14a
15:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mungiako herri mugimenduan gabiltzanok, gero eta leku gutxiago daukagu herri honetan. Gero eta nabariagoa da herriko hainbat eragilek espazio publikoak erabiltzeko eta herriko agendan parte hartzeko ditugun trabak. Bai norbanako moduan, bai eragile moduan, dagokigun esparrutik, gero eta zailagoa egiten zaigu herriko bizitza publikoan garatzen diren dinamikekin bat egitea.

Orokorrean, udal-gobernuak herriko agenda kultural eta politikoaren gainean ezartzen duen kontrola salatu nahi dugu. Kontrola, bere irizpideen arabera erabakitzen baitu noiz, non eta nork egingo duen zer. Beraz, herriko agenda publikoa bere kriterio politikoetara mugatzen da. Eta erabaki guztiz politiko horiek bete ezean zaila da herriko agendan lekuren bat aurkitzea.

Arazo horrekin guztiz lotuta, espazio publikoaren erabilera selektiboa egiten da udal-gobernuaren partetik. Alegia, herriko espazio publikoak erabiltzeko udal-gobernuaren filtroa pasatzera behartuta gaude, eta, esan bezala, filtro hori kriterio politikoek baldintzatzen dute.

Argi dago esandakoa ez dela arazo isolatu bat, udalaren interesetara ez dauden eragileek pairatzen duten errealitate orokortu bat baizik. Hori dela eta, herrian bi alde bereizten ari dira. A aldea, bizitza publikoan eragiteko aukera duena, eta B aldea, herriko agenda kulturalera zein espazio publikoetara iristeko oztopoak eta trabak baino ez dituena.

Udal-gobernuaren partetik nabarmena da arazoa konpontzeko borondaterik eza. Sistematikoa bihurtu da, eta urtez urte egoerak kaxkarrera egiten du. Herriko eragile asko gara egoera honetaz nekatuta eta kezkatuta gaudenok, baina ez dugu benetako urratsik ikusten irtenbideak bilatzeko bidean. Aitzitik, badirudi egoera mantentzea dela hautatutako bidea, herrian izan dezakegun eragina mugatzeko asmoz.

Horregatik, herri mugimenduko hainbat eragileren artean izandako hausnarketa prozesu batek egoera salatzera eraman gaitu. Arazo honen aurrean, elkartzeko eta saretzeko unea dela uste dugu. Horregatik, hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dugun salaketa dinamikara batzeko deia luzatzen diegu herritar zein eragileei.

Herriko espazio publikoak herriarentzat!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA