Zarautz

Ahal dela

Martxel Aizpurua
2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIAn EH Bilduk etxebizitzari buruz egindako proposamena irakurri dut. Ohituak gaude erakunde eta alderdi politikoek milaka etxebizitza egiteko aurkezten dituzten asmoetara; horregatik ez nau harritu 30.000 etxebizitza egiteko planak.

Gehiago interesatu zait artikuluaren tartean dioena: «Gainera, ahal dela [sic] alokairuaren alde egingo luketen arren, salmentaz baliatuko lirateke operazioaren bideragarritasuna eta egonkortasuna bermatzeko».

Artikulu horrek Unai Fernandez de Betoñoren liburua (Etxearen korapiloa nola askatu) irakurrita harrapatu nau. Liburu horretan ere erabiltzen da ahal hitza, baina hau bezalako esaldietan: «Ahal eta nahi duenak, noski, salerosketaren eredura jo dezake, merkatu libre edo pribatura». Liburu horren muina beste politika batera baitago bideratua, alegia, alokairuko parke publiko indartsu bat sortzera.

Liburuko beste esaldi bat: «Argi edukita azken helburua dela nahi duen guztiak alokairu sozialeko etxebizitza merke eta iraunkor bat eskuratu ahal izatea». Zehatz agertzen ditu helburu horretara heltzeko bideak.

EAEn alokairu sozialaren kopurua ez da etxe parke osoaren %2,6ra ailegatzen, eta Nafarroan 2,1era. Europan batezbestekoa %9 da. Iparraldean %11 (datuak liburu horretakoak dira).

Liburua irakurri ondoren geratu zitzaidan sentsazioa da egileak ikuspegi errealista, helburu argia eta bide egingarria markatzen dituela etxebizitzaren arazoa betiko konpontzeko.

BERRIAko artikuluak, berriz, alderantzizkoa sortu dit, betiko horma artean galduko ditugula denbora eta diru publikoa, eta luzatu egingo dela jende askoren sufrimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA