Antzuola

Antzuolako eta Urretxeko herritarrok zain, hiru urtez

Jose Ramon Arrieta Zialzeta
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trekutz izeneko proiektu eolikoaren bide honi, ofizialki, 2023ko azaroaren 30ean ekin genion. Harrezkero, Antzuola eta Urretxu aldean zain gaude Meaka eta Irimo mendien suntsiketari ezetza noiz emango dion Eusko Jaurlaritzak.

Proiektuari alegazioak jartzeko epean, ezjakin eta ero moduan –zenbaitetan, noraezean– informazioa biltzen aritu ginen, eta genekien apurra herrikideen artean zabaltzen. Jasotako laguntza guztiarekin alegazioak aurkeztu genituen, betiere, agintariek ezarritako epe barruan, zorrotz.

Ibilbide luze honetan denetarik egin dugu, eta honezkero Eusko Jaurlaritzak ere badaki herri honen nahia zein den: Trekutz zentral eolikoaren burugabekeria gelditzea. Hasteko, 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztuta; bitartean eta gero, han eta hemen argitaratutako iritzi artikuluak, gutunak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindako hileroko kontzentrazioak...

Lehendabiziko kontzentrazioetako batean, Arantxa Tapia sailburu ohiari zuzendutako gutunari sarrera ofiziala eman genion, zuzenbideak agintzen duen eran. Bertan, Irimo mendia eta inguruak ezagutzera gonbidatu genuen, baita proiektuak izango lituzkeen ondorioak bertatik bertara ikustera ere. Tapia anderearen ordez Mikel Jauregi jauna sailburu izendatu zutenean ere gonbidapen-gutunari sarrera ofiziala eman genion.

Inoiz ez genuen erantzunik jaso. Ez dakigu administrazioaren isiltasuna ote zen zegokigun erantzuna. Susmoa dugu, izan beharko lukeenaren kontrara, herritar arruntekiko begirunea, kargu-hartze ekitaldian bertan ez bada, denborarekin higatu egiten dela, eta bozka eskaera adeitsua zena mespretxu bilakatzen dela.

Trekutz izeneko proiektuarekin lotutako administrazioaren hainbat sailetara prozedurari buruzko kontsultak ere bidali izan dira. Jasotako erantzun bakarraren laburpena: lanean ari gara. Bikain, ez genuen gutxiago espero.

Bi urte eta erdi luze eta bertakoen kontrako iritzia, antza, ez dira nahikoa Eusko Jaurlaritzak, behingoz, proiektu horren kontrako erabakia hartzeko. Non dago koska, bada?

Baliteke merkatuaren legea tartean izatea; edo, agian, ebatzi beharreko proiektuak hainbeste izanik, lanez gainezka daude —normala, planifikaziorik eta irizpide garbirik gabe ez baita erraza lan egitea—; edota, herritar arruntei herriaren ordezkariek zor dieten errespetuari gertatu bezala, gure sinesmen
eta erabakimena noiz higatuko zain daude. Edota dena batera.

Aspaldikoa dela ematen duen arren, 2023ko azaroaren 30a oso presente dugu Antzuolan. Gurutzea beharrean Damoklesen ezpata dugu Irimo mendian, Jaurlaritzako agintariek noiz emango geure gainean erortzeko agindua.

Denbora, ordea, ez da alferrik pasatzen, eta bitarte luze honetan izugarri ikasi dugu. Ikaspen garrantzitsuenetarikoa zera izan da: funtsean arazoa ez dela teknologikoa, baizik eta biofisikoa, antropologikoa eta soziala.

Beraz, Irimo mendiaren gainean zentral eolikoa ezartzeak ez luke jendarte honek duen arazorik konponduko, areagotu baizik.

Eta Eusko Jaurlaritzako agintariek ere badakite.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA