Zornotza (Bizkaia)

Baiona, Frantziako Tourra eta ikuspegiaren garrantzia

Eneritz Oianguren Ureta
2026ko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITBk Frantziako Tourraren inguruan zabaldutako iragarki batek hausnarketa bat eragin dit. Iragarkian Baiona erabiltzen da Tourraren giroa eta irudia irudikatzeko, eta horrekin batera hainbat hitz frantsesez (la bicyclette, la route, La France, la txapela) erabiltzen dira. Ez dut uste hori kasualitatea denik, ezta asmo txarrez egina dagoenik ere. Hala ere, iragarkiak transmititzen duen irudiak kezka sortu dit.

Izan ere, Baiona agertzen denean frantsesezko erreferentzien bidez aurkeztuta, sentsazioa ematen du hiria Frantziarekin eta frantses kulturarekin lotzen dela nagusiki, haren euskal izaera bigarren plano batean utzita. Onartuko al genuke Espainiako itzuliarentzat hegoaldeko hiriburu bat espainierazko erreferentziak erabiliz? (la bicicleta, la ruta, España...).

Baiona Lapurdiko hiriburua da, Euskal Herriko hiri esanguratsuenetako bat, eta euskal komunikabide publiko batek hori modu naturalean islatu beharko luke. Izan ere, komunikabideek ez dute soilik informatzen; iruditeria kolektiboa ere eraikitzen dute. Hautatzen dituzten hitzek, irudiek eta erreferentziek eragina dute gure lurraldea eta gure kultura ulertzeko moduan. Horregatik, garrantzitsua da Euskal Herriko hiri bat erakusten denean haren nortasun osoa kontuan hartzea.

Horregatik, EITBri gonbidapen xume bat egin nahi nioke: euskal lurraldeak irudikatzerakoan, bereziki Ipar Euskal Herrikoak, haien euskal izaera zaintzen eta ikusgarri egiten jarrai dezala. Izan ere, komunikabide publiko baten eginkizunetako bat ere bada gure herriaren errealitate osoa erakustea, muga administratiboek ez dezaten gure ikuspegia mugatu.

Xehetasun txikiak diruditen horietan ere eraikitzen baita herri baten irudia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA