Donostia

Behobia-Donostia 50/50/25 erronka feminista?

Oihana Zunzundegi Etxeberria
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carmen Diaz Mintegi Fortuna KEko boluntarioak eskatutako argibideak direla-eta idazten dut gutun hau. Lehenik eta behin, adierazi nahi dut Behobia-SS Erronka 50/50/25 haiek ezarritakoa dela, eta ez nik.

Beraz, galdetzen duenean emakumeentzat 15.000 dortsal gorde behar ote dituzten, erantzuna erraza da, 50/50/25 erronkak zehazten du hori: «%50eko emakumeen partaidetza eta %50eko gizonezkoen partaidetza lortzea 2025erako». Eta gainerakoa, klubak aterako dituen dortsalen guztizkoak argitzen du: 30.000 badira, erantzuna baiezkoa da. Eta beste zenbateko bat bada, horren erdia.

Bestalde, aipatzen du ohiko korrikalarien kasuan gizonezkoak %75 eta emakumezkoak %25 direla. Bitxia da datu hau emateak inolako kezka edo ondoezik sortu ez izana, dagoen izugarrizko arrakala ikusita. Aldiz, emakumeen partaidetza %50ekoa izatea bermatzeko dortsalak gordetzearekin, zozketatik at utziz, ez da alde agertu. Badirudi nahiago duela hori zorte hutsaren esku utzi. Baina horrela, 50/50 genero presentzia orekatua ez da bermatuko.

Bestalde, galdetzen du zer egin emakumeen aurretiazko izen ematea %60koa izango balitz. Nire ustez, haiek finkatutako erronkari jarraituz, %50i gutxienez bermatu beharko lieke klubak parte hartzea, koherenteak izateko helburuarekin. Ala beldurra dago %50eko emakumeen presentzia ahalbidetzearekin? Eta  klubak erabaki beharko luke gehiegizko %10 horrekin zer egin: zozketan sartu, adibidez (edo parte hartzen utziz).

Ondorioz, eszenatoki ezberdinetan topa daiteke kluba: emakumeen aurretiazko izen ematea %50eoka edo gutxiagokoa izatea. Edo %50etik gorakoa izatea.

Bi kasuetan, %50era arteko dortsalak gordetzea nahikoa da, bai erronkarekin bai publikoki erakutsi duten berdintasun konpromisoarekin bat egiteko. Egun ez baitut uste utopia bat denik, bideragarria baita klubaren egiturazko erabaki honekin.

Azkenik, adierazi nahi nioke administrazio publikoa ezagutu arren ez dudala zertan administrazioarekin guztian ados egon.

Noski, kirol sistema androzentrikoa da, eta berdintasuna, erronka sozial konplexua, baina horrelako klubek egiturazko neurriak ez hartzeak ere iraunarazten du kirol sistema androzentrikoa. Aurten aukera paregabea eta historikoa du Fortunak Behobiaren bidez, aurretiazko izen emateko argazkiarekin, erabaki esanguratsu eta feminista bat hartzeko berdintasunaren jomugan, beste kirol egiturentzat eredu izanez. Aprobetxa ezazue aukera bikain hori!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA