ZUZENDARIARI

Dagokigun ituna orain, 'for a better life'

Unai Goikoetxea eta Garazi Mitxelena
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Inori ez zaio gustatzen grebara joatea; goizeko 05:30ean Adunara iritsi eta euri azpian zein eguzkitan lantegi kanpoan egotea, dirua galtzea, arduradun zein lankideekin tentsioan egon edo konfrontatzera iristea. Baina oinarrizko baldintzak ziurtatzen ez dizkigutenean ez zaigu borrokatzea besterik geratzen.

Denok genituen zalantzak; grebara joan ala ez, grebara joango ote ginen, ala enpresak pauso bat emango zuen egoera honetara ez iristeko. Tamalez, oporretara esperantzarik gabe eta dagokiguna eman ezean gure kabuz lortzeko determinazioarekin joan ginen. Zalantzak mila, iritziak ere anitz, baina jarrera argiarekin: for a better life, do it yourself!

Orain bost urte 80 langile inguru hasi ginen enpresa berri honetan lanean. Lehen urteetan, lantegi berria zenaren aitzakiapean, lan karga eta lan ordu amaigabeak ezarri zizkiguten, sarri segurtasun baldintzak bermatu gabe. Egoera honi langileok genuen guztiarekin aurre egin genion.

Gaur egun, 300 langile gara, eta autobus produkzioa seikoiztu dugun arren, lan baldintzak ez dira aldatu. Prekaritatea ezartzen digute enpresaren galera ekonomikoen izenean. Irizar e-mobility bertan, lan berdina egin arren, soldatak ez dira berdinak. Kanpora atera behar denean, gau kopuru batera iritsi behar dugu dagokigun bezala konpentsatuak izateko. Horrez gain, langile guztiek ez dute konpentsazio ekonomikorik jasotzen kanpora bidaiatu behar denean. Arrisku elektriko, mekaniko, toxiko edo ergonomikoak saihestu ezin direnean ere ez dira kontuan hartzen. Deiak lan orduetatik kanpo jasotzen ditugu. Bulegoetako lan kargak kontziliazioa zailtzen du. Opor egunak ez dira errespetatzen eta txandakotasunak ere ez dira konpentsatzen. Arduradun postu gehienetan gizonezkoak daude, %89an hain zuzen ere. Gure aldetik dena eman dugun arren, ez gara baloratuak sentitzen.

Irizar e-mobility etorkizun oparoa duen enpresa da, Europa guztian lehen mailako beste enpresekin lehiatzen dena. Aste honetan bertan jaso dugu nazioarteko lehiaketa batzuen adjudikazioen berri

Hala ere, Irizar e-mobilityko langileen batez besteko adina 27 urtekoa da. Enpresak langileen gaztetasuna baliatzen du praktiketako hamarnaka kontratu, ebentualitate zein beste exigentziak aurrera eramateko. Gipuzkoa osoko gazte askoren lantegia da, urte gutxi egoteko enpresa bat dela dirudi. Zergatik ote?

Hau dena ikusita, orain da baldintzak eta ituna hobetzeko momentua. Horretarako, langile batzordeak, batzarrean denon artean osatu eta onartu genuen proposamena aurkeztu zion zuzendaritzari, puntu hauek ezinbestekoak izanik: lan berdina-soldata berdina, lan irteeretako baldintza duinak eta berdinak denontzat, esfortzu gehigarriak konpentsatuak izatea, langile bakoitzaren bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea eta Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmena bermatzea.

Zuzendaritzarekin egindako bilerak ez ziren batere emankorrak izan, ez baitzituen kontuan hartzen langileon eskariak, eta bere proposamena inposatu nahi baitzuen.

Borrokatzea da itun duin bat lortzeko dugun aukera bakarra, eta ez gara ozen eta garbi esateaz nekatuko. Egunetik egunera gehiago gara, aste honetan 180 lagun inguru biltzen garelarik goizero-goizero gure lantoki kanpoan. Beraz, etxean zauden horri edota gure aldarriarekin bat egiten duten guztioi: batu zaitezte borrokara!

Bukatzeko, besarkada handi bat Alconzako lagunei. Duintasunaren eredu zarete, momentu zailen aurrean ere tinko jarraitzen baituzue!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.