Hasieran FIFAk Donostia izendatu zuen egoitzetako bat 2030eko Munduko Futbol Txapelketarako, eta auzo elkarte batzuek atzera botatzeko erregu gutuna bidali zioten FIFAri. Eneko Goia alkateak, hori dela eta, adierazi zuen haiengatik balitz Behobia-Donostia lasterketarik ere ez genukeela esango.
Alkatearen adierazpenak tokiz kanpo daude. Auzo elkarte horiek salatutakotik bada egiaren zati bat espekulazioaren aldetik. Baina zati bat besterik ez. Hortik aparte, demagogia.
1.- Mundialaren egoitza izan nahiz ez izan, Donostian etxebizitzaren prezioa gehiegizkoa da, eta turismo masifikazioa izan da beti. Etxebizitzak salneurri jasangarria edukitzeko alternatibarik nahiz proposamenik ez zuten aurkeztu auzo elkarte horiek, eta, turismoari dagokionez, jasangarri izateko zer aurkezten da? Zinemaldia kenduko al dugu? Ipar Euskal Herriko taldeen errugbi partidak? Kontzertu handiak? 1992ko Frantziako Tourreko irteera izan zela gaitzetsiko al dugu? Eneko Goiaren adierazpena tokiz kanpo dago, baina kontu horiei buruz auzo elkarte sinatzaileek ez dute ezer esaten.
2.- Jatorriz Grosekoa naiz, Bermingham kalekoa, gaur egun beste auzo batean bizi banaiz ere. Eta bizilekuaren, lanaren edo bizitza sozialaren artean bertakoa nintzen jaio nintzenetik, 1973tik 2016ra arte. OHO ospetsua, desagertutako Okendo Centenario eskolan egin nuen, eta ederki ezagutzen ditut Sagues, Zemoriya, San Bladi, Alejandria, Manteo, Rodil, Indianoene, Larraga, Arbola, Bordatxipi, Ategorrietako Galtzara Zaharra eta Toki Ederreko helbideak. Egia da 2016an Donostia izendatu zutela, Wroclawekin batera, Kulturaren Europako Hiriburua, eta, hori dela eta, 2000ko lehen hamarkadaren amaieratik manifestazioak eta elkarretaratzeak izan zirela hiri osoan zehar turistifikazio masiboaren aurka. Baina egia da ere 90eko hamarkadatik kanpotiko gastronomia ostalaritza ekartzen hasi zirenetik Gros eta Ulia (Sagues) progresiboki turistifikatzen hasi zirela. Turistifikazio horren aurka mugitu ziren bakarrak Marino Tabuyo kaleko 11. zenbakiko auzokideak izan ziren, beraien atarian erabilera turistikoko logela nahiz etxebizitzarik ez zutela onartuko adierazita. Beste inor ez zen mugitu. Ez abertzale, ez espainolista, ez anarkista, ez eskuin muturreko, ez ezker muturreko, ez eskuineko, ez ezkerreko... Ezta Groseko eta Uliako auzokideen elkarteak ere. GOE, Gros-Uliako Basque Cullinary Center dena delakoaren ideia sortu arte, 15-20 urtez egon dira Donostiako inguru honetan turistifikazio progresiboaren aurrean axolagabekerian. Eta orain, eraikin horren bitartez arazoaren kontrola galdu dutela, axola zaio zerbait Uliako auzoko elkarteari. Bertakoa naiz, zer diodan badakit, eta aurkakoa dioenak edo ez daki zer dioen, edo lotsarik gabe gezurretan dabil.
3.- Duela hogei bat urte Lorcarrock musikaldira joan nintzen. Gune hartara Murtziako kolektibo bat sartu zen, eta hidrologia planaren aurkako salaketa egiteko orduko Murtziako Gobernuak ura herritarren beharretara bideratu beharrean golf zelaietara eramateko asmoa omen zeukalako. Horrek ideia sortzen du. Egoera aldatuko ez bada, Donostia Mundialaren egoitza izateari etekina atera geniezaioke, beharrezkotzat joko genituzkeen gauzak aldarrikatzeko. Adibideak? Etxebizitzarekiko arazoaren salaketak, lehen puntua... Euskal, kataluniar, galiziar eta horiek bezalako selekzioak ofizial bilakatzeko aldarria. Mundiala Marokok ere antolatuko du, ezta? Israel vs Palestina (Gaza) bezalaxe, Maroko vs Mendebaldeko Sahara. FIFA, ez da lehen aldia hau esaten zaizula, baina indarkeriaren aurka egonik, eta herriak senidetzearen alde, nola azaltzen duzu hau? Salaketa beraien muturren aurrean. Hamaika ekimen daude egiteke. Errealistak izanda, seguruenik arazo hauek ez genituzke konponduko, baina, ekimen horiek egiten ez badira, edo bideak ixten badira mezua ahalik eta jende gehienengana helarazteko, arazo horiek konpontzeko zailtasuna handiago izango da.
Orduan, Eneko Goiaren eta haren aliatuen mentalitatea ez zait gehiegi gustatzen. Espekulatiboegia da nire gusturako. Donostia Mundialaren egoitza ez izatea aldarrikatu zuten auzo elkarte horietako iritzia ere (bereziki Uliakoa nongoa naizen jakinda) ez zait gustatzen, demagogikoegia iruditzen zaidalako. Gauzak dauden bezalaxe egonda, idealismoaren eta pragmatismoaren arteko orekaren alde nago.