Aurizberriko irakurle taldea

Eman bakea literaturari

Ainhoa Mendia, Aitziber Larrea, Eneko Villegas, Itziar Mitxelena, Jaione Orotz, Jokin Campion, Kontxesi Pedroarena, Leire Barberena, Maria Jesus Rota, Maria Angeles Rota, Maria Carmen Galarza, Olatz Aldasoro, Tere Iribarren, Teresa Fagoaga, Xanti Madotz
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Aurten, laugarren ikasturtez, Aezkoa, Erroibar, Auritz, Artzibar, Luzaide eta Orreagako literaturazaleok aukera daukagu literaturaz euskaraz solastatzeko.

Aurizberrin biltzen gara giro goxo eta adiskidetsuan, norberak bakardadean irakurritako liburuak sortu dizkion hausnarketa, sentimendu eta iritziak askatasun osoz taldeko besteekin partekatzeko.

Saio zinez aberasgarriak gertatzen dira beti. Badira inarrosi gaituzten liburuak, badira gure bizitzaren oihartzunak ekarri dizkigutenak, badira gertakari eta bizipen ezezagunen berri eman dizkigutenak ere. Batzuk Euskal Herrikoak, beste batzuk euskararen bitartez kanpotik ekarriak.

Urteotan ikasi dugu gure barnean sortzen diren pentsamenduak hitzetan jartzen, besteei ulertarazteko moduan. Ikasi dugu besteei entzuten ere, haien iritziak kontuan hartuz.

Baina, batez ere, solasaldi hauei esker, gure literaturazaletasunean sakondu dugu, literaturaz ikasi dugu, eta saiora sartu ginen baino aberatsago atera gara: irakurria genuen liburua kolore berriz ikusi dugu solasaldian parte hartzen dugunoi esker.

Covite elkartearen eskaera bati erantzunez, Nafarroako Gobernutik solasaldien antolaketan parte hartzen duten udalerriei errekerimendua iritsi zaie, bere izengoiti literarioz Mikel Antza gisa ezaguna den Mikel Albisu Iriarteri berorien kudeaketaren ardura ken diezaioten. Modu horretan, inongo epaitegik edo auzitegik halakorik agindu gabe, badirudi herritar libre gisa lanerako duen eskubidea ukatu nahi diotela.

Adierazpen hau sinatzen dugun Aurizberriko irakurle taldeko kideon ustez, solasaldiak antolatzeko ardura duen Mikelen aurkako erasoa ez ezik, literaturaren eta euskararen kontrako erasoa ere bada honako hau. Eta eskatzen dugu bakean utz diezagutela orain arte bezala denon aholkuak entzunda Mikelek proposatzen dizkigun irakurgaiez gozatzen.

Bide batez, Euskal Herriko irakurle taldeetako arduradunei zein parte-hartzaileei ere eskaintzen diegu adierazpen hau sinatzeko aukera, www.emanbakea.eus webgunearen bitartez. Webgune horretan bertan aurkituko duzue urteotan Mikelek proposatuta irakurri eta solasgai izan ditugun liburuen zerrenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.