Urduritasun jeltzalea agerikoa da. Inkesten arabera, EAJk orain arte ezagutu ez duen arriskua bizi du: Madrilen talde parlamentarioa gal lezake. Nafarroan, Jaungoikoa eta lege zaharraren aldekoen emaitzak inoizko okerrenak izan daitezke, geroa bai, etorkizuna ez. Foru eta udal hauteskundeen aurretik, Frantziako Estatuan, EAJ marka berriarekin aurkeztuko da, orain Le Parti Basque (LPB) izatera igaro baita. 2028ra nola helduko diren izango da gakoa, Gasteizko parlamentukoak galtzea sekulako galera litzatekeelako. Baina beheranzko joera argia da eta oso argi dute.
Batzuek «post ETA» deritzoten ziklo honetara egokitzeko zailtasun gehien erakutsi dutenak Sabin Etxekoak dira. Han geratu dira, aurrera begiratzeko zailtasunekin. Urkullu-Ortuzar tandemak estatus berri bat agindu zigun 2020rako, Pradalesek eta Estebanek Estatutuaren eskumen guztiak 2026rako. Presa gabe, dena kontrolpean, EAJk erdigunea aldarrikatzen duenean, funtsean 78ko erregimena bere horretan mantentzea da. Espainiako Konstituzioaren giltzarrapoa onartu eta herrion galga handiena EAJ bera izan da, beti frenoa jarrita, errotonda amaigabean.
Bipartidismoan eroso aritu izan da gorri ala urdin, negoziatzen. Aznarren inbestidura, Zapateroren aurrekontuak... 2017an Ortuzarrek Rajoyrekin egindako aurrekontu-itunarekin pozik agertu zen, nahiz eta ondoren Sanchezen inbestidura babestu. Babesaren prezioa transferentzia puntualak izan dira beti, kudeaketaren kudeaketa, baina inoiz ez Erregimena higatzea. 47 urte, eta Estatutua oraindik bete gabe: hori gestio master class bat ez dela argi dago.
EAJk Vox etsaitzat dauka, marra gorri-gorria da. PP, ostera, statu quo-aren izenean, alderdi baliagarritzat, demokratatzat. Aldi berean, EH Bildu muturrera bultzatu beharra du: Alderdi Egunean Estebanek intolerantzia ere ezkerretik datorrela esan zuenetik, behin eta berriz ezker subiranismoaren aurka ari da. «Muturrek elkar ukitzen dute» errepikatzen duen formulak jada ez die balio. Euskal gizarteari ziria sartzen saiatzea da, simetria faltsu bat eraikitzen du faxisten eta independentiston artean, eta PP, aldiz, normalizatu egiten dute. Negozioak jarraitu behar du.
Azken urteotako joeraren irudi garbiena Josu Jon Imaz da. EBBko lehendakari zena, gaur Repsolen buru. Etxe Zurian, «Venezuela hobe baterako atea» irekitzeagatik eskerrak eman zizkion Trumpi. Euskal herritar bezala, lotsa sentitu nuen Imaz «Thank you, Mr. President» esaten ikustean. Alderdia belarriekin txaloka atera zen, eta gaur, ostera, inoizko adostasunik handiena duen arren, etxebizitzaren inguruko grebalariak kriminalizatzen ari dira. Badakite non kokatu.
Erdiguneak, zentroak, urteetan balio izan dio, baina euskal gizartearekiko deskonexioa gero eta agerikoagoa da. Herriari entzun beharrean, bere tripetako minei begira dago, Alderdiari. Bizi dugun garaian, etsaiez erratzea garesti ateratzen da, eta aukeratu beharra izango dute.