Dena ukatzen dizutenean, zerutik ez direla mirakuluak etorriko jakitun, irtenbide magikorik ez dagoela eta inori itxoin gabe gauzak geuk egin behar ditugula eremu batzuetan irakaspen zaharra da. Teoria birjin batetik egitasmo konkretura jauzia egitea derrigorrezkoa da, nahiz eta egunerokoan hainbat kontraesanetan erori. Euskaragatik ari gara eta Estatu gabe ere, ahal den neurrian eraiki behar izan dira gure hizkuntza sustatuko duten eta biziraungo duten tresnak.
Izan ere, oztopo guztien gainetik, herritarrek abian jarri zituzten euskarari arnasa eman eta dena zerri askara ez botatzea ahalbideratu duten proiektuak. Amonen sukaldeetatik kalera sua bezala zabaldu zen euskara gure artean, munduko hotzaren aurrean epeldu eta denari zentzua emanaz. Baina berotasun hori beste batzuentzat sute kontrolaezina izanik, batzuek itzaltzea nahi dute. Gainera, ez da erraza mugarik ez duen mundu honetan beste su erraldoiez kiskalita ez geratzea. Zer egingo diogu ba, inork ez zuen esan erraza izango zenik: gu gara, eta sua piztuta behar dugu, beste edonola gu izateari utziko diogu.
Egin ziren euskara batua, ikastolak, aldizkariak, erakundeak… euskara lau haizeetara zabalduaz haren aurka jarritako muga guztiak gainditzeko. Eta tartean proiektu xume bat, xumeena, egunkari bat euskaraz. Kazetari konprometituez gain, nola ez, gure Martxelo buru, beste ehunka laguntzailerekin, estratega eta buru sendoekin, deitu Zumalabe, Uria edo Larrarte, nekez errealitate sendo bilakatu zen egunerokoa. Ez da bide erraza izan, poetak zioen bezala, betea baitago juizioz, legez eta trabaz. Baina itsasoko lanak hain handi direnean ere, beti agertzen zaizkigu itsasargiak. Galernek, ekaitzek eta tsunamiek ere ezin izan gaituzte hondoratu, iluntasun sakonenean ere beti argi izpi batek bidea argitu eta portu segurura eraman gaitu.
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.
https://www.youtube.com/watch?v=fFo_y9HPgvc
Norabidea markatu diguten argi horiek izen-abizenak dituzte eta haragiz, hezurrez eta odolez eginda daude. Asko aipatu beharko genituzke justizia pixka bat egiteko. Baina, horien artean, gaurkoan, garai txarrenetan, beltzenetan, beti aldamenean eta guztion alde dena arriskatuz bidea argitzen zigunaz gogoratu nahiko nuke. 2003ko urri hotz hartan gure amen sukaldeetan egon zenaz. Epika desagertzean, herri zahar hau eraikitzen inoiz baino konpromiso eta izerdi gehiago jarri behar dela jabetuaz, inoiz akatsik egin gabe eguneroko lanean beti iparra erakutsi digunaz. Inoiz baino heroikoagoa, ezinbestekoagoa, izan behar den garaietan, hor agertzen zaizkigu Estatu egileak, Esnaolak dioen bezala.
Ez zaio gustatuko, baina hitz batzuk idatzi beharra dago, gure hitzak, ez daitezen guztiz airean gal. Beti apal eta umil, diskrezioz, baina ezin duk beti pasatu oharkabean, Iban. Atzera begiratu eta egindakoak adierazten du dena, hire maila eta konpromisoa. Zorionez, oraindik asko zeukaagu hiregandik jasotzeko.
Oraingoz kontseilukideei opari ematen dizueten ditxosozko grabatuarekin konformatu beharko zarete, baina betirako gure oroimenean grabatuta geratu dena zure ekarpena da. Ziur nago, gure begiek gure herriko kaleetan zuen izenak ikusiko dituzte. Izan ere, herriak, harriez ez ezik, zuek bezalako ereduez ere egiten direlako. Hiretzat, zuentzat, gure miresmen guztia eta mila esker, Iban Arregi Epelde jauna, zorretan gara betirako.