ZUZENDARIARI

Euneiz-ekin zalantzak?

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 27an BERRIAn artikulu bat irakurri nuen, Josean Kerejeta enpresari ahalguztidunak eta bere inguruak Gasteizen ezarri nahi duten unibertsitate pribatu berriari buruzkoa: Euneiz unibertsitatea.

Beste behin ere, Araban bizi den enpresari gipuzkoarrak Arabako eta Gasteizko erakundeen laguntza izango du beste mega-proiektu bat garatzen ┬źlaguntzeko┬╗, etekinak gizentzen jarraitu ahal izateko. Jakina, erakundeen eta diru publikoaren laguntzarekin (Bakh, Baskonia, Alaves eta orain unibertsitate pribatu bat!).

Argi dago Kerejetak Gasteizen aurkitu duela bere enpresa pribatuak errentagarri egiteko leku egokia, hori bai, betiere bere inbertsioak babesten dituen diru publikoarekin eta zero arriskua izango dutenak: etekinik badago, bere enpresentzat; aitzitik, galerak badaude (Bakh) hor daude Arabako erakundeak.

Irati Urdalletak idatzitako artikulu horrek argi eta garbi azaltzen eta argudiatzen ditu unibertsitate pribatu, garesti eta erabat elitista baten aurka egiteko dauden arrazoiak (soberan daudenak). Baina harrigarriena amaiera da: Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea eta Hezkuntza idazkariaren ahotan, oposizioko indar nagusiak (bai Araban, bai EAEn) onartu du ez dutela unibertsitate eredu horren inguruko jarrera zehatzik. Hori irakurtzean begiak arranpalo gelditu nintzen. Euskal Herrian indar gehien duen ezkerreko koalizioak zalantzak ditu unibertsitate pribatu bat ezartzeko ikuspegiaren aurrean. Unibertsitate pribatu horrek laguntza publikoa jasoko du, eliteei zuzenduta dago, eta gure unibertsitate publikoen konpetentzia zuzena da, irizpide unibertsalik gabe, baliabide ekonomiko gutxien dituen jendeak ordaindu ezin duen kostuagatik, segregatzailea...

Oinarrizko militante gisa, nire ordezkaritza politikoak erantzun azkarragoa izatea nahi nuke, eta jakina, kontrakoa, arlo publikoaren aurkako eraso argia baita. Hasieratik gidatu behar genuen zentzurik gabeko proiektu honen aurkako jarrera, baina beldur naiz ez ote dugun berriro utzi elite kontserbadoreek nahierara egin eta desegin dezaten. Zuzendu eta borrokatu gaitezen gurearen alde, publikoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.