Ikamako kidea

Euskara, atzerriko hizkuntza Nafarroako hizkuntza eskolan

Araitz Mayo Lili
2026ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araitz Mayo Lili naiz, 15 urte ditut eta Iruñeko Iparralde DBHI institutuko ikaslea naiz. Atzo, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean euskarako C1eko azterketa egitera aurkeztu nintzen.

Nire adinaren arabera, B2 mailako azterketan izena ematea omen dagokit aurten, baina erronka polit hau jarri nion neure buruari eta, ilusio handiz, azterketa prestatzen jardun naiz ikasturte osoan zehar, euskaldun petoa ote naizen neurtzeko edo… jolas gisara kasik! 

Jolasetik gutxi izan zuen ordea EOIDNAko sarrerara iristean bizi izan genuenak; «los que vayan a hacer el examen de C1 de euskera, pasad» entzutean harrituta geratu nintzen, euskarako azterketa baterako sarrera gaztelaniaz!

Behin gelan ginela, egoerak okerrera egin zuen, azterketako begiraleak euskaraz ez zekiela aipatu zigunean. Azalpen guztiak gaztelaniaz eman zizkiguten, giroa guztiz erdalduna zen. Euskara, atzerriko hizkuntza Nafarroako Hizkuntza Eskolan!

Nola da posible euskarako azterketa ofizal batean gaztelaniaz egitea?

Min handia sentiarazi zidan euskararekiko atxikimendu falta horrek, halako bizipenek gutxietsita sentiarazten naute. 

Baina, era berean, borrokarako grina sortzen dit, eta aurrerantzean ere tamalez horrelako hamaika egoera jasango ditudala susmatzen dudan arren, belaunaldi berriak euskaraz bizi gaitezen lanean jarraituko dut. 

Nik ez dakit azterketa gaindituko dudan ala ez, baina zero da, momentuz behintzat, Nafarroako Hizkuntza Eskolari jartzen diodan nota.

Bide batez, idatzi hau probestu nahi nuke Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13rako deitutako mobilizazioan ikasle guztiok parte hartzera animatzeko, gure hizkuntza eskubideen defentsan bikaina lortzeko bide bakarra delako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA