Zarautz

Euskaraz hobeto sentitzen naiz

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Pradales jaunak zera esan omen zuen (ezin sinetsirik nago): «Garrantzitsuena osasun arta ona emango duten mediku onak izatea da, haien jatorria eta hizkuntza edozein dela ere». Euskarari buruz ari da, noski. Ez da ari espainieraz ez dakiten medikuez.

Bapo, Pradales jauna, Korrikaren giroan datoz zure adierazpenak. Nik ere ez diot begiratzen medikuaren jatorriari, zuk aipatzen dituzu iberoamerikarrak. Nire hizkuntza-eskakizunak berdin eskatzen dizkiet zure inguruan dauden milaka «a los vascos de toda la vida» horiei ere.

Bada garaia administrazio publikoan lan egiteko EAEko bi hizkuntza ofizialak jakitea derrigorrezkoa izateko. Lan-eskubidea ez dago hizkuntza-eskubidearen gainetik. Norberaren jatorria ezin da aldatu, baina euskararen ezagutza bai.

Pradales jaunaren hitz PP/Vox kutsukoak zabalduak daude gizartean, eta, nire iritziz, geroz eta gehiago. Ondo daki Pradalesek ere. Horrela pentsatzen dutenen botoaren bila dabilela ematen du hauteskunde kanpaina honetan.

Bai, Pradales jauna, lortuko dituzu horien botoak, baina, jakizu, herritar askoren eskubidearen aurkako bidean sartu zarela, edo sartuko zarela. Euskararen ezagutza eta erabileran aurrera egiteko bidea izan daiteke progresiboa, baina zureak bezalako mezuek beste politika batzuk elikatzen dituzte: progresiboki atzerakoak.

Nire kasuan, medikuak euskaraz jakitea ala ez osasun-artaren zati bat da. Euskaraz badaki hobeto sentitzen naiz nire nahigabean, eta, alderantziz, medikuak euskaraz ez badaki, zertxobait okertu egiten da nire gaixotasuna, eta egunak irauten dit kalteak, zure hitz horiek bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.