Esperientziaren Gelak Euskaraz Ere plataformako kideak

Ez Ferreirak, ez Bengoetxeak, ez Perezek

Marije Manterola Iribar, Marian Munian Agote eta Ander Trigos Urturi
2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024ko irailaren 11n, Lortzear ote gaude? izeneko artikulua argitaratu ziguten BERRIAn. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun izaten jarraitzen dute eta ez dugu egiazko borondate irmorik ikusi gobernu berriarengan. Gogoa bai, baina lehentasunik ez.

Aurten 27 urte beteko dira EHUk Esperientziaren Gelak sortu zituenetik. 55 urtetik gorako askok, ikastolatik euskaraz ikasteko aukera baliatu genuenok, ezin dugu EHUn euskaraz ikasten jarraitu. Tamalez, berriro  bigarren mailako herritar izatera kondenatu gaituzte.

Esperientziaren Gelen lau urteko derrigorrezko irakasgaiak gaztelaniaz bakarrik izaten jarraituko dute datozen lau-sei urteotan ere, eta hautazko 24 gaietatik hiruzpalau besterik ez dira izango euskaraz, baldin eta Eusko Jaurlaritzak benetako apustua egiten ez badu. Bai, pilota Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren teilatu gainean omen dago. Finantzaketaren auziak behartzen du, berriz ere, euskara bigarren mailan uztera. Irakasleen kreditu-orduak omen dira oztopo nagusia, Gipuzkoako errektoreorde Juana Goizuetak adierazi zigunez.

Zuetako askok sinadura eskaini zeniguten Esperientziaren Gelak euskaraz ere bai ekimena bideratzeko. Baina badirudi goragoko erabakiak behar direla. EHUk ezin du euskaraz eskaini helduontzat formakuntza hau. Eusko Jaurlaritzak ere ez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.