Mendaro

Ezgai

Rafa Furnier
2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain dela bi aste C1 azterketako idazlanaren erantzuna eman zidaten: ezgai. Horrela agertzen zen, letrak larriz. Egia esan, ez nuen espero; izan ere, nahiko kontent irten nintzen.

Gutun honekin ez ditut zuzentzaileak kritikatu nahi, nire nota justua da, zalantzarik gabe. Nire azterketa berrikusi nuenean akats batzuk ikusi nituen, kaguen!, baina amorrua pasatu eta gero, konturatu nintzen gainditzetik oso gertu nagoela. Hurrengoan, hirugarrena izango da, ea zer gertatzen den.

Gutun honen bidez, sentimenduei buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. Orain dela urte batzuk irratian entzun nuen pertsona batek C1 gainditzeko sei aldiz egin behar izan zuela azterketa. Pertsona hori oso pozik zegoen, orain oposizioak egiteko aukera gehiago izango zituelako; haatik, elkarrizketa sententzia batekin amaitu zuen: «Ahora no pienso hablar más euskera». Entzun nuenean esaldi horri ez nion bueltarik eman, baina orain, denboraz, sentimendu horrek pena ematen dit.

Batzuetan entzun dut: «Ez badakizu euskaraz, ba, ikasi». Eta hori egia da, ikasi nahi baduzu, ikasi behar duzu, ez dago beste biderik; baina, askotan, hori esaten duen jendea ez da konturatzen egin behar den esfortzuaz; batez ere, kanpotik etortzen garenok egin behar dugun ahaleginaz: denbora, dirua, gogoa, motibazioa...

Euskara ikastea gomendatzen duen jendeak gauza bat ahazten du: ikasteaz gain, sentimenduak alde batera utzi behar dira, oso erraza baita hizkuntzarekiko eta kulturarekiko gorrotoaren tranpan erortzea.

Bukatzeko, bi ideia bururatzen zaizkit: alde batetik, euskara ikasten dugunok laguntza gehiago behar dugu; eta, beste aldetik, euskara ikasteko sistema atseginago baten alde lan egin behar da, hizkuntzarekiko gorrotoa saihesteko.

Ea gutuna ulertzen duzuen, ahaztu zait ezgai naizela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.