Urduri ei daude Eusko Jaurlaritzan. Mikel Jauregi sailburuak CAFek Jerusalemgo tren arinean (JLR) duen parte hartzea defendatu du, ahapeka eta ezer handirik esan gabe. Izan ere, Jaurlaritza akziodun duen Beasaingo enpresaren aurkako frogak ugaritzen ari dira.
Sailburuak asteartean esan zuenez, «CAFek enpresa-gobernu egonkor eta indartsua du, eta nazioarteko legedia obeditzen du. Eta ziurrago egon gaitezen, kanpo eragileei [alegia, haien irudia zuritzeko ordaindutako enpresa bati] eskatu diete egoera konplikatu hau kudeatzen lagun diezaioten».
Egoera konplikatua ei da, bai, CAF-Israelgo zuzendariak prentsaurrekoa ematen duenean Netanyahu genozida irribarretsuarekin batera. Hala egin zuten martxoan, Jerusalem ekialdearen legez kanpoko kolonizazioa errazteko CAF eraikitzen ari den trenbideetako baten inaugurazio ekitaldian. Bertan, Netanyahuk berak azaldu zuen tranbia horrek erakusten duela «gerraren erdian bakea eraikitzen» ari direla, Jerusalem «munduko hiririk zoriontsuena» bihurtu eta «hiriburu izaera indartzen» diolako.
Beste modu batera esanda, genozidak, CAFeko zuzendari horrek txalotuta, eraikuntza honek dakarren gerra krimena goratu zuen. Eta ez, gerra krimena dela ez diogu guk, Nazioarteko Justizia Auzitegiak baizik.
Konplikatua da egoera, pasa den larunbatean, hilak 14, Beasainen batutako akziodunek zuzenean entzun zutena kontuan hartuta. Bertan, enpresaren zuzendaritzak urteotan emandako aitzakia eta justifikazioak banan-banan desegin ziren. Munir Marjiehk egin zuen hori, nazioarteko zuzenbidean aditu eta Jerusalemgo Komunitate arreta zentroko kideak. Jerusalem ekialdea bereganatu izanaren izaera ilegala xehatu eta CAFek prozesu horretan duen papera zehaztu zuen.
Marjiehk, gainera, Nazioarteko Justizia Auzitegian 2024ko uztailean emandako ebazpena azaldu zuen. Azaldu zuenez, honek gobernuak ere behartzen ditu legez kanpoko okupazioa betikotzen duten proiektuen aurka egitera. Hau da, hain zuzen CAFen, harekin lankidetzan ari den eta NBEk salatu duen Saphirren eta haien bazkide den gobernu israeldarraren kasua.
Lakuako gobernuak, CAFeko zuzendaritzak eta Israeldar estatu sionistak bezala, herritarron iritzien eta legediaren aurrean zigorgabetasuna izango dutela uste izan dute. Baina bada garaia zigorgabetasuna amaitzeko. Nafarroako parlamentuak ebatzi du foru gobernuak zein espainiarrak ekiteko garaia dela, CAF bezala gerra krimenen, apartheiden edota nazioarteko zuzenbidea urratzen laguntzen duten enpresen kontra esku hartu beharra dagoela.
Lakuak eta legebiltzarrak ezin dute entzungor egiten jarraitu, halako zantzu nabarmenarekin. CAFen zuzendaritzak nazioarteko legediari muzin egin nahi badio, berau beteko lukeen Jaurlaritza batek berehala saldu beharko luke CAFen duen %3ko parte hartzea. Legebiltzarrak, era berean, beharrezko mugimenduak egin beharko lituzke, enpresa honek JLR proiektu ilegalean dirauen bitartean kontratu eta laguntza publiko gehiago izan ez ditzan.
Ezeroso zaiguna ere ikusteko garaia da, eta ekitekoa. Garbiketa etnikoa eta okupazioa ez dira hitz ederrekin bukarazten.