Azken bolada honetan, munduko leku askotan, faxismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Adituek diotenez, faxismoak hitza ukatzen du, eta hitza ukatzeak demokrazia deuseztatzea omen dakar.
Azken urte hauetan, Vito Quiles izeneko pertsonaiatxo probokatzaile, asaldatzaile eta istilu sortzailea ikusten ari gara, gero eta sarriagotan, gainera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, bere paper iraingarria egiten, poliziaren babes osoarekin.
Horren aurrean zer egin beharko genuke antifaxistok? Nola jokatu? Nola borrokatu? Argi eta garbi dago pasiboki, behintzat, ezetz! Nola, ba, orduan? Ba, nola edo hala, gure aurkakotasuna argi eta garbi erakutsiz, baina, betiere, neurri zuhur batzuk hartuta, jakinda polizia guztiek (udaltzainek, foruzainek, ertzainek, Espainiakoek eta abarrek) beti eta beti jokatuko dutela faxisten alde. Kontua ez baita pertsona antifaxistek borroka egitea polizien aurka, azken horiek hortzetaraino armatuak, eta, herritar soilek, ordea, esku hutsik; horrek ez du merezi, zeren eta modu horretan, antifaxistak beti aterako baitira galtzaile: kolpatuta, gaizki zaurituta, atxilotuak, identifikatuak, isunak hartuta, epaituak, espetxeratuak, hilda eta bat eta beste.
Hori guztia jakinda, nik uste dut askoz ere hobe dela geure desadostasuna argi eta garbi erakustea (kale agerraldi, elkarretaratze, pankarta, oihuen bidez eta abar), baina, betiere, beraiengandik urruti samar, inorekin kontaktu fisikorik izan gabe, baina, esan bezala, gure jarrera garbiki azalduta, geure helburua ez baita poliziekin borrokaldietan nahastea, beti galtzen ateratzeko, gainera, baizik eta gure ideologia argi erakustea. Eta berdin gainerako errebindikazioetan ere, etxegabetzeetan, esate baterako.
Bartzelonan, Bilbon eta abarren gertatu diren istilu horiei buruz analisi on bat egiteko, nik uste dut oraindik funtsezko eta oinarrizko datu batzuk falta direla; gauza susmagarriak nabaritzen dira. Aurrerago joanen dira argitzen, seguru asko.