Zuzendariari

Gasteizko Udalak 0 euro bertsolaritzari

Ekaitz Elorriaga Anduaga.
Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria.
2013ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
2014ko udal aurrekontuetan ere, Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken urteotan izan duen hitzarmena bertan behera uzteko asmoaren berri jaso dugu hedabide eta alderdi politikoen bidez, Udalaren aldetik inolako azalpenik jaso gabe. Hirugarren urtea da egoera berean gaudena. Dakigun bakarra da ez dela aurreproiektuan ageri.

Lanean ari gara: Gu ere Bertsotan proiektuan Gasteizko9 ikastetxetan, 900 haurrekin; Arabako 2014ko Kuadrilla artekoan 100 gasteiztarrek hartuko dute parte bat-batean zein idatziz; bertso-eskolan 3 talde daude martxan, eta hor daude Gasteizko jaietako Aihotz plazako saioak hala nola udal liburutegi sarearekin elkarlanean abiatutako ekimenak… zer gertatuko da horrekin guztiarekin?

32 urte luze hauetan euskararen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritza, ekarpena egin diogu eta bertatik edan dugu, elkarren beharra dugu. Bertsolaritza Gasteizen transmititu eta sustatuz adin guztietako euskaldunek aisia eta astialdian euskara erabiltzeko, hizkuntzaren kalitatea handitzeko eta euskaraz gozatzeko aukera da, euskararen ekosistema aberastuz.

Gasteizko Udalari eskatu nahi diogu erabakia atzera bota dezala, ez gaitzala truke txanpon gisa erabili, bertsolariak ez ditzala isilarazi, bertsozaleak ez ditzala zokoratu, ez ditzala plazak suntsitu, ez dezala euskal kultura zokoratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.