Gernika-Lumo

Gernikako gaztetxea eta instituzioen atzaparrak

Danel Unamuno Gonzalez
2026ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernikan, 2007tik, Jose Mari Gorroñok darama alkatetza, eta urte horretatik mahai gainean dago Pasilekuko eskola zaharretan udal liburutegia egiteko aukera. Urteetan, ordea, promesa elektoral hutsean geratu da.

2025ean gazteok espazioa gaztetxe gisa hartu genuenean, aldiz, urteetako blokeoa gainditu eta makineria martxan jarri zuten: EH Bilduk Gorroñoren aurrekontuak eta liburutegi proiektua onartu zituen, eta ekainean udalak sarraila aldatu eta legez kanpoko desalojo saiakera egin zuen. Orain esan digu abuztuaren 24an obrak egingo dituen enpresa etorriko dela, eta ordurako kanpoan egon behar dugula.

Zerk azaltzen du ia hogei urtez geldirik egon den liburutegi proiektuaren bat-bateko azkartzea? Zerk azaltzen du instituzioek beren lege propioak ere ez errespetatzea? Eta gainontzeko alderdi politikoen isiltasuna zein konplizitatea? Erantzuna argia da: instituzio kapitalisten kontrolpetik kanpo antolatzen den espazio baten existentziak.

Gure partetik, gaztetxearen defentsa hasi besterik ez da egin. Gernikak ere gazteon antolakuntza politikorako espazioak behar ditu. Logika kapitalistatik kanpoko aisialdi eskaintzak behar ditu. Ideia eta jarrera matxista, arrazista zein homofoboen aurkako posizio irmoa duten espazioak behar ditu. Euskara indartzeko espazioak behar ditu.

Abuztuaren 24an hor egongo gara, datorrenari aurre egiten. Gaztetxeak defendatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA