Gasteiz

Globalizazioa eta euskal kultur sistema

Iñigo Larramendi
2026ko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Globalizazioak ezartzen duen mundu nahasi eta aldakor honetan, zein da gure nazioaren tokia? Zein presio edo kontraesan sortzen ditu globalizazioak guregan? Zein etorkizun zabaltzen zaigu, eta zer egin dezakegu haren aurrean?

Askotan, kultur aniztasunaren diskurtsoa saltzen zaigu, gure kultura sistema baldintza hauetara egokitzeko eredu orekatu gisa. Baina bertsio honek talka egiten du estatuek garatzen dituzten kultura-politikekin (curriculuma, estatuetako hizkuntza ofizialen lehentasun legala, estatuaren komunikabide-sistema…). Izan ere, estatuek ezartzen dutena hizkuntza- eta kultura-uniformetasun nabarmena da, aurrerakoia ematen duen erretorika batez mozorrotuta.

Egoera honetan, mundu globalaren testuinguruan, galdetzen duguna zera da: joera estatalei aurre egiteko aukera berririk eskaintzen al zaigu? Zein estrategia moldatu behar ditugu, edo moldatu ditzakegu, kultura-sistema propio bat garatzeko? Edo, harago, nola interpretatu behar dugu kultura nazionalaren eta nazioartekoaren arteko dialektika?

Gai mamitsu honetaz hausnartuko dugu Gasteizen, larunbatean, Izaskun Arrue Kulturgunean, 10:00etatik aurrera, lehen mailako hizlarien eskutik, hala nola, Joseba Sarrionandia, Karmelo Landa, Cira Crespo, Eneko Bidegain eta Angel Rekalde. Gure etorkizunaz hausnartzeko aukera ezin hobea. 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE