Espiritu librea, Europako herritarra eta georgiarra

Gutun irekia Sabino Arana fundazioari eta Europako iritzi publikoari

Tekla Zuroxvili, ‘Arima urdinekoa’
2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur ahotsa goratzen dugu Europaren eta Asiaren arteko zubi urdinetik!

Georgia ez da nazio bat soilik: Asiaren eta Europaren arteko zubi geopolitikoetan laburrena eta funtsezkoena da. Milaka urteko lurralde bat da, non antzinako espiritualtasunak bat egiten duen herri libreek demokrazia lortzeko duten esperantzarekin.

Alabaina, zubi hori dinamitatzen ari dira gaur egun. Ez gerra ofizialen ondorioz, baizik eta ustelkeria legeztatuaren bidez! Estatuz mozorrotutako oligarkia bat da dinamitatzailea, eta oligarkia hori, hain zuzen, justizia suntsitzen ari da, kazetariei jazartzen, aurkariak atxilo hartzen eta instituzioak manipulatzen; are, Kremlinen interesen mende jarri nahi dute Georgiako herritarren subiranotasuna.

Horiek horrela, nola liteke euskal instituzio batek Georgiako Parlamentuko presidente Irakli Kobakhidze-ri omenaldia egin izana Gernikan?

Hain zuzen ere, 2023ko urtarrilean, handikiro hartu zuten Kobakhidze Gernikako Batzar Etxean: txistulari batzuek jo zuten ongietorrian; dantza tradizionalak izan ziren Gernikako arbolaren pean; foru erakundeen egoitza historiko hori bisitatu zuen Kobakhidzek; hala, ikusi zuen zer-nolako sinbolismoa duen bakearen eta elkarbizitzaren ikur gisa, eta, gainera, ohorezko liburuan sinatu zuen. Horren ondotik, nazioarteko Sabino Arana saria eman zioten, Bilbon egindako ekitaldi batean: Georgiako Konstituzioaren aita gisa aurkeztu zuten, baita EB Europako Batasunaren aldeko Georgiako mugimenduaren zutabe gisa ere, eta bereziki nabarmendu zuten lotura estua zegoela Euskadiren eta Georgiaren artean.

Baina zer balio demokratikoren isla da Kobakhidze, kontuan hartuta hura dela, preseski, Europaren kontrako legeen egile intelektualetako bat eta balitekeela lege horiek Georgiaren eta Europaren arteko lotura historikoak haustea? Pluraltasunaren suntsiketa saritzen ari dira, jazarpen politikoa, emakumezko manifestarien aurkako indarkeria, hedabide libreen kontrako errepresaliak...

Preseski, Sabino Arana fundazioari eta Europako iritzi publikoari moralki argi jokatzeko eskatu nahi diegu gaur:

Europaren printzipioei traizio egiten dieten horiei ez dakieke omenaldirik egin! Georgiako herritarrak gogor egiten ari zaizkie. Kalean. Unibertsitatean. Egiazko demokraziarekin amesten dutenen gogo gazte eta libreetan.

Georgia ez du gobernuak egiten. Georgia jendeak egiten du, kulturak, herrialdearen erresistentzia historiak.

Guk ahotsa goratzen dugu Bilbotik, zubiaren alde honetatik, duintasunaren, egiaren eta memoriaren alde.

Ez dago demokraziarik koherentzia moralik gabe. Ez dago Europarik justiziarik gabe.

Horregatik, zera eskatzen dugu:

Publikoki eta xeheki berrikus dadila Gernikako omenaldi ofiziala, baita Sabino Arana saria eman izana ere.

Erakundeek erantzun argi bat eman dezatela funtsezko balio demokratikoak ahultzeaz akusatutako figura politikoak saritzeko erabilitako irizpideen harira.

Fundazioak eta Europako instituzioek jarrera irmoa izan dezatela halako ekitaldiak ehun demokratikoa ahultzeko propaganda gisa erabiltzen dituzten erregimen autoritarioen kontra.

Bilbok hegoak behar ditu. Georgiak ere bai. Historia ez dadila isiltasunaren tintaz idatzi, baizik eta duintasunaren lumaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.