Zeharo harritzen eta kezkatzen gaitu, A-15 eta N-1 errepideak elkartzen diren puntuan egunero sortzen diren auto-pilaketei irtenbidea emateko, Diputazioak hartutako erabakiak.
Bere garaian egitasmoa burutu gabe utzi izanak, Andoaingo sarreran A-15aren saihesbidea jarraipenik gabe utzi izanak sortu du urteetan auto-pilaketaren larritasuna.
Zergatik itxaron hainbeste urte saihesbidearen egitasmoa egin gabe? Zergatik ez dira aurreikuspen ekonomikoak egin trafiko arazoa konpontzeko eta Andoainek jasaten duen zarata, kutsadura, espazio falta... arintzeko beharrezkoa den obra egin ahal izateko? Zergatik aukeratzen da orain errepide gisa kalitaterik eskaintzen ez duen lardaskeria hori, hobea eta seguruagoa den saihesbideari muzin eginaz?
Ikasle txarraren aurrean gaude, azterketa iristear, luzapenak amaitzen ari zaizkiola jakin arren, hala eta guztiz ere, bezperan hasten delako ikasten. Emaitza: erantzun okerra eta azterketa berriro egin behar izatea.
Hala gertatuko zaio Aldundiko Errepide Sailari. Jakin arren autobia amaitu gabe utzi zuela, zatirik beharrezkoena falta zela, atoian ibili da eta ez dakigu oso ondo zertan gastatu duen zergen dirua, eta orain, kexak handik eta hemendik iristen ari zaizkiola eta denbora amaitzen ari dela ikusita, gaia sakonki aztertu gabe jartzen da lanean, maila horretako erantzun batek dakartzan alde onak eta txarrak ikusi gabe, eta erantzun sinple eta arlo bakarrari erantzunaz: zein da proiekturik azkarrena eta merkeena? Lazoa.
Erantzun hori zuzena da baldin arlo ekonomikoari bakarrik erantzuten bazaio, baina gaia bere osotasunean aztertu izan balu eta zentzuz eta egoki erantzun izan balu, zuzena saihesbide hobetua litzateke. Errepide hobea delako, ibilgailu eta gidarientzat seguruagoa delako, Andoaingo herria babesten duelako, ingurumenarekiko neurri zuzentzaileak hartzea planteatzen duelako, eta, gainera, ez lukeelako gastua aipatuko, inbertsioa baizik.
Erantzun labur eta azkar horren ondorioz, beste azterketa bat gainditu eta beste irtenbide bat planteatu beharko du hemendik urte batzuetara, Lazoak ez baitu erantzun egokia emango. Eta dirua gastatzeari ekingo zaio berriro.
Kudeaketa ekonomikoa, zero; herritarrenganako errespetua, batere ez.