Donostia

Argizaiolaren heriotza ona

Julen Arrizabalaga Gonzalez
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitaren familiaren etxeetan dauden argizaiolek beti eman didate beldur pixka bat: duela gutxi arte, beldur pitin bat izan diot heriotzari lotutako sinbolo bat etxean edukitzeari. 

Argizaiola galzorian dago, baina garai batean, familia bat dolualdian zegoenean, auzokoek berea piztu eta haren hilobira eramaten zuten, argia piztuta mantentzen eta familiari konpainia egiten. Gustatzen zait pentsatzea haren funtsak denboraren aldaketei eutsi diela. 

Erabaki zail bat hartu behar izan zuen amak bizitzako azken faseari aurre egitean. Heriotza duina aukeratu zuen. Hori da eutanasia hitzaren esanahi literala: eu-thanatos, heriotza ona. Hala ere, badira une ilun eta hotzak bide horretan, eta kanpoko laguntza behar izan dugu. 

Egiako anbulatorioko eta Donostia Ospitaleko mediku eta erizainak izan ditugu bidelagun: zuek argitu eta epeldu duzue bidea. Guk argia mantendu ezin izan dugun uneetan hor egon zarete. Hasieran, laguntzeko prest egon ez zen batek haize hotzak ekarri zituen; zuek uxatu zenituzten. Azken uneetan, musikarekin goxotutako agurrean, gure alboan egon zineten. Beti eskertuko dizuegu, bihotz-bihotzez, egin duzuen guztia. 

Funtzio hori egiten duten pertsonak ezagutu ditudanean, argizaiolak duen fama iluna galdu duela iruditzen zait; unerik ilunenetan argi hori beharrezkoa bakarrik ez, ederra ere bai baita. Bai XVI. mendeko elizetan, baita XXI. mendeko Osakidetzan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA