Urriaren 18ko BERRIA egunkarian bi orri atera ziren BCC Basque Culinary Center eta GOE Gastronomy Open Ecosystemi buruz. Bi orriko artikulua zen, baina Basque Culinary Centerreko arduradun Aizega jaunak ganorazko arrazoirik ez zuen eman justifikatzeko ea eraikin hori zergatik egin duten Manteo-Ulian, ea zergatik akabatu duten hor zegoen gune berde hori. Nabarmen geratzen zen argumentu falta. Arrazoi hauek aipatzen zituen: «Ikerketa egin nahi dugu»; «herritarrekin egiten da hori, hirira joan nahi genuen...». Hori ezin al zen egin Miramonen? Beste aukera batzuk baziren, beste toki batzuk baziren Donostian. Gune berde hau akabatzeko beharrik ez zegoen. Ikus artikuluko azken galdera... eta BCCtik eman zuten erantzun ulertezina. Argi geratu zen: beste batzuk dira arrazoiak. Negozioa edo.
Manteoko parkea akabatu duzue ikerketa egiteko? Elikadura lantzeko? Hiritarrek parte hartzeko?