Oiartzun

Munduaren norabidea aldatzen ari zaigu?

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan, munduak okerrera egin du: faxismoa toki guztietan zabaltzen ari da eta AEBetan, munduko herri boteretsuenean, txotxongilo arriskutsu bat gobernuaren jabe egin da.

Gerra eta sarraskiak Ukrainan eta Gazan. Herrialde horretan ikusten ari garenak gure amesgaiztoak gainditzen ditu. Gure begien aurrean herri bat masakratzen ari dira, munduko nagusien konplizitatearekin. Zorionez, baina, horrek protesta ekarri du, baita haserrea ere, inoiz ez bezala. Mundu guztian, herritarrak Israeli boikota egiteko eskatzen ari gara. Eta hau berria da, hauspotu egiten du injustiziaren kontrako mundu protesta.

Aldi berean, Ameriketako Estatu Batuetan Trump erregearen aurkako protesta biziak eta zabalak ikusi ditugu, eta New Yorken eta beste tokietan, hauteskundeetan irabazten ari dira demokratak; hori berez ez litzateke izango nobedade bat, izan ez balitz Zohran Mamdani New Yorkeko alkate berria sozialista dela Trumpen aurkari sutsua. Frantzian, Fronte Popular Berriaren garaipenaren ondoren blokeatu dezagun dena herri mugimendu indartsuak giro politikoari astinaldi berri bat eman dio. Marokon, gaztediak protestari ekin dio; halaber, Nepalen matxinada baten berri izan dugu.

Mundu zabalean, zantzu batzuk besterik ez dira. Baina, agian, gertaera horiek norabide aldaketa bat adieraz lezakete. Izan ere, klase borrokan zikloak izaten dira: 2011ko maiatzaren 15ean, uste ez genuenean, gazte suminduek planto egin zuten Iberiar Penintsulako (Portugal barne) hiriburuetako plazetan. Grezian eta, batez ere, arabiar herrialdeetan suminduen loraldia ezagutu genuen.

Dena ez dago galduta, gurean ere faxismoaren aurkako sentsibilitatea gora egiten ari da kalean zein gizartean, eta gure artean eztabaida sortu bada borroka moldeen inguruan, oro har, positibotzat jo behar dugu berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.