Nafarroako toki eta lurralde entitateetako berdintasun teknikariak

Orkoiengo Udala: atzerapauso bat berdintasunean

Amaia Abucide Aylagas
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateetako Berdintasun Teknikarien Taldearen izenean, Orkoiengo Udalak berdintasun teknikariaren lanpostua utzikeriagatik deuseztatu izana salatu nahi dugu. Egungo legediaren arabera, administrazio publikoko lanpostu batek behin-behinekotasun egoeran ezin du hiru urte baino gehiago iraun. Epe hori betetzen denean, ohikoena da lanpostua egonkortzeko prozedura hastea eta berorren jarraipena bermatzea. Horrek aurreikuspena eta borondate politikoa eskatzen ditu, eta Nafarroan badira horren adibide diren udalerriak.

Hala ere, Orkoienen lanpostuaren deialdia ez argitaratzeaz gain, udalak uko egin dio gaur egun indarrean dauden baldintza legalak kontuan hartuta egiteari. 2023ko plantilla organikoak, hau da, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2025ean onartutakoa baliogabetu ondoren gaur egun indarrean dagoenak postu horretarako euskararen B2 mailaren betekizuna ezartzen du. Hori dela eta, Orkoiengo Udalak itxoitea erabaki du behin betiko lanpostua betetzeko oposiziorako deialdia ateratzeko, berdintasun teknikariarentzat euskara ezagutzarik eskatzen ez duen plantilla organiko berria onartua izan arte. Ondorioz, postua hutsik eta denbora mugagabean bete gabe geratu da.

Aintzat hartu behar dugu berdintasun politikak martxoaren 8an edo azaroaren 25ean kanpainak egiteaz, sentsibilizazio programak martxan jartzeaz edo puntu moreak antolatzeaz haratago doazela, nahiz eta horiek guztiak beharrezkoak diren. Zehar-lerrotasuneko prozesuak gidatuko dituzten profesionalak behar dituzte, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko taldeak koordinatuko dituztenak, tokiko kolektiboekin lan egingo dutenak, eta berdintasunaren arloko araudia beteko dela bermatuko dutenak. Langile tekniko kualifikaturik gabe, ezinezkoa da helburu horiek lortzea.

Horregatik, berdintasun arlo sendoak behar ditugu, kalitatezkoak eta langile publikoz hornitutakoak. Asko baita jokoan dagoena. Lanpostuak eta funtzio publikoak betetzeko aholkularitza enpresa pribatuak kontratatzea huts larria da; eta berdintasun politiken etorkizunerako aurrekari arriskutsua ezartzen du, oinarrizko zerbitzuen ezkutuko pribatizazioa eta diru publikoaren kudeaketa desegokia baitakartza.

Erabaki horrek ezar dezakeen aurrekariak izugarri kezkatzen gaitu. Ez da lehen aldia Nafarroan udal edo mankomunitate mailako berdintasun arlo bat desagertzen ikusten duguna. Ezin dugu onartu gizarte justuago batean aurrera egiteko funtsezko egiturak diren arlo horiek desegitea, eta erakundeen konpromisorik ezagatik desagertzea. Gainera, horiek sortzeko diru laguntza publikoak jaso dituzte, kontratazioa sustatzeko, sendotzeko eta berdintasun teknikariak mantentzeko, baina argi dago ez direla helburu hori betetzen ari.

Orkoiengo Udalarekiko etsipena eta egoerarekiko kezka izugarria dugu. Berdintasun arloak sortu eta sendotu beharko liratekeen garaiotan, halakoen jarraipena arriskuan jartzen ari dira, eta hori albiste oso txarra da Nafarroako gizarte osoarentzat.

Artikulua honako hauek sinatzen dute: Amaia Abucide Aylagas, Nerea Arana Baztan, Oihane Astrain Merlo, Ana Berrade Adot, Elsa Díaz Ladrero, Vanesa Eguiluz González, Ana Elcano Sesma, Maite Elizondo San Martín, Ariane Etxeberria Sampedro, Tamara Falces Melero, Silvia Gómez González, Andrea Guiñón Elizari, Nagore Huegun Ibarbia, Jaione Iraola Rozas, Josune Irigoien García, Begoña Laquidain Azpiroz, Imelda Mañeru Viguria, Andrea Markotegi Álvarez, Pilar Mayo Falqué, Iruña Martínez Lorea, Marian Mendiola Barandalla, Arantxa Ordoñez María, Amaia Paz Vallejo, Eider Pérez de Heredia Goñi, Zuriñe Redondo Molinero, Alicia Rodríguez Alegría, Aurora Sanz Diéguez, Iván Villanueva Lerín eta Aizaga Zeberio Petriati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.