7.300 kilometro. 8 urteko haur batentzako nekeza dirudien distantzia desagertzear dago.
Haurrak Nafarroako eskola batean ikasten du. Badirudi datorren ikasturtean bere gela unitarioa, bi ikasmailakoa, kopurutsua izango dela. Hau da, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak iragarritako gelen itxiera gertatu egingo da. Nafarrok ezagutu dugun kontseilaririk gatazkatsuenak esan berri du ez direla hezkuntza publikoko gelak itxiko, baina bai, itxiko dira, eta hau da bat. Eta ez dira soilik gelak galduko, langileak ere galduko dira: zuzeneko jardunean aritzen diren irakasleez gain, idazkaritzak ere galduko dira. Egoera oso kaskarra da, kontuan hartuta eskola hauetan ez dela administraririk izaten, eta, beraz, ardura guztia pertsona bakarreko zuzendaritzetan pilatzen da.
Badirudi murrizketa hauek luze joko dutela. Gimeno jaunak berriki esan duenaren kontra, itxiera neurri horiek ez dute inondik inora hezkuntza publikoa indartzen. Hezkuntza publikoari eraso egin, minberatu eta Iruñeko periferian bizitzearen desabantaila betikotzen du. Ikastetxe txikiak ainguratzen ditu ikasle askok ez dutelako ikas-hizkuntza ezagutzen, eta aldiz, ez dutelako aparteko baliabiderik jasotzen egoera honi konponbidea emateko. Itxiera gehiago egongo dira eta soilik zabalduko dituzte matrikula berri asko jasotzen dituzten ikastetxeetan. Igarri daiteke zein hizkuntza eredutan? Bitartean landa eremuko eskola sarea erabat ahulduko dute. Denok dakigu zein eredu izango den kaltetuena.
Murrizketak, antza, denontzat ez dagoelako sustatzen dira, nahiz eta Nafarroa Garaiko Ogasunak inoiz jaso duen diru kopururik handiena bildu duen: 5.65,7 miloi euro. Alegia, dirua egon, badago. Ez dagoena da Hezkuntza Publikoan behar den adina inbertitzeko borondate politikorik.
Gerra testuinguru batean, mundu mailan petrolio eskasia iragarri den honetan eta indarrean dagoen despopulatzearen aurkako legerik gabe, Nafarroa Garaiko eskoletako gelen itxiera herrientzako heriotza zigorra izango da. Eskolarik gabe ez dago etorkizunik. Honetaz jabetzen dira Parlamentuko alderdi guztiak. Falta zaiena maila politikoa adieraztea da.