Abuztuaren 20an, ETBk bere albistegietan, Vox buru duen eskuin muturraren narratiba arrazista arbuiagarriarekin bat egin, eta pertsona zikin, axolagabe eta legez kanpoko gisa aurkeztu zituen Bilboko Aste Nagusian Areatzako parkean janaria saltzen duten pertsona arrazializatuak. Udaltzainek, «sarbide kontrolak» jarri, eta motxilak eta poltsak erakusteko eskatzen diete, horrela daramaten janaria kendu eta «osasun arazoak» saihesteko.
Gure jaietan —eta jaiez kanpo ere bai— guztia berdin epaitzen al dugu? Albistegi berean agertutako txipiroi lehiaketa, edozein taberna, txosna edo bestelako espazioei buruzko irakurketa bera egiten al dute ETBko gidoigileek, Bilboko Udaleko segurtasun zinegotzi Amaia Arregik edo albistean elkarrizketatutako gehienek?
Pertsona arrazializatuen praktikak, ohiturak eta kultura zalantzan jartzea eta haiek kriminalizatzea erraza da. Nazka, penagarria, ilegala… bezalako terminoak darabiltzate albistean. Parrillan egindako oilasko pintxoak, pikaroi eta enpanada batzuk edota saltxitxa ogitartekoak horrela eskandalizatzekoak al dira benetan? Beldur hori baldin baduzue, ez ezazue kaleko inongo lekutan jan, edota, hobeto, geratu etxean zuen osasunagatik eta hobe beharrez, eta baita besteonarengatik ere. Eskertuko dizuegu.
Pertsona horiek jaien parte izan nahi dute eta ez zaie erraza egiten horretarako beren espazioa aurkitzea. Imajinatzen al duzue zeuen burua Euskal Herritik milaka kilometrora bizitzen? Zer egingo zenukete zuek? Bilboko udaletxean eta ETBn pertsona horiei egurra ematea erabaki da diskurtso arrazistei hauspoa emanez, eta badakigu horrelako jarrerek zer dakarten ondotik. Ingurura eta geure buruari begiratu besterik ez dugu arrazakeria gure egunerokoan daukagula ohartzeko. Izan serioak, mesedez.
Negu Gorriak taldeak zioen moduan, zein kolore nahiago dugun galdetzen badiguzue, badakizue gure erantzuna: ez dira zuen sukalde zuri eta sasi-sanitarioak izango, nahiago izango ditugu kriminalizatzen dituzuen Areatza parkeko sukalde koloretsuak. Beti.