Sua neguan itzaltzen da, erregaia kentzeko prebentzio-neurriekin —erregaia zuhaixka eta landare-material lehorrez osatua dago, eta erraz erretzeko prestatua—; etorkizuneko sutearen hedadura mugatuko duten suebakiekin itzaltzen da. Mendien garbiketa funtsezkoa da, are gehiago abeltzaintza estentsiboa desagertzen ari den honetan.
Faxismoa ere neguan itzaltzen da, kulturarekin eta hezkuntzarekin, komunikabide konprometituekin eta gure gazteen etorkizuna ilusionatzen duen ezkerrarekin; pentsamendu kritikoarekin itzaltzen da, eta hori ez digu adimen artifizialak errazten, baizik eta liburuek eta kontzeptu zahar eta berrien aztertzeak.
Sua neguan itzaltzen da, gure mendiak zaintzeko aurrekontu egokiekin; jaten ematen digun lurra lehenetsiz animalien torturan oinarritutako Erdi Aroko festen gainetik. Gure zergen dirua lagunen artean ez banatzeak laguntzen du.
Faxismoa neguan itzaltzen da, edukiei bainoago balioei lehentasuna ematen dien irakaskuntza batekin; lehiakortasunaren aurka, txerto gisa, elkarrekiko laguntza bultzatuz; gure gazteak enpatian trebatuz, etxetik ekar dezaketen gorrotoa neutraliza dezaten; pentsamendu librean hezten, erlijioak kutsatu duena deskontaminatzeko.
Sua neguan itzaltzen da baso-suhiltzaileak kontratatuz eta kudeatuz; landazainak eta zaintza-dorreak ordainduz; eskuindarren zabarkeria eta ustelkeria salatuz, gehien dutenei zergak jaisten dizkiete eta; hori guztia, baita neguan ere, sua iritsi aurretik.
Faxismoa neguan itzaltzen da euria ari duen ala ez esaten digun kazetaritza zintzoarekin, politikari ezberdinek eguraldiari buruz esaten dutena errepikatu gabe; lankideen jazarpena ahalbidetzen ez duen kazetaritzarekin, gezurrari bozgorailurik jartzen ez diona eta aurrez aurre jarri gabe gorroto-mezurik entzuten ez duena. Kazetari obeditzailea izango bazara, aldatu lanbidez.
Sua neguan itzaltzen da zaintza taldak eta txandak antolatuz, aurrekontuak eta bitartekoak erabakiz; ez M. Rajoiren lehengusuarekin, zeinak esaten baitu klima-aldaketa ipuin bat dela: krisi klimatikoaren premian trebatutako eta konprometitutako pertsonekin.
Faxismoa neguan itzaltzen da, lehen agerraldiak kimatuz, udaberrian loratu baino lehen; gazteak antolatuz eta klaseari, arrazari, generoari, ingurumenari edo aniztasunaren defentsari lotutako borroka sektorial guztiak elkartuz.
Sua neguan itzaltzen da, nahiz eta eskuinak gobernatu, salatuz eta kalera ateraz pedagogia egiteko eta herritarrak sentsibilizatuz etorkizuneko suei aurrea hartzeko.
Sua eta faxismoa itzaltzeko, Max Frischi egotzitako esaldia gogoratu behar dugu: boten hotsa baino okerragoa da zapatilen isiltasuna.