Mercaderes kaleko 18.eko bizilaguna

Vidaurreri aurre

Maider Sada
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mercaderes kaleko 18.eko bizilagunak gara: batzuk 2022tik bizi gara hemen; beste batzuek, berriz, hilabete batzuk daramatzate. Hala ere, denok amesgaizto bera bizitzen ari gara. Apiriletik hona, gutako azkenak bere alokairu kontratua sinatu eta hiru astera, eraikinaren jabea den Vidaurre Group enpresak jakinarazi zigun eraikina salduko zuela eta gure etxetik alde egin behar genuela. Bizilagunetako batzuk alde egitea erabaki zuten, baina beste batzuek, aldiz, gure etxeetan geratzea erabaki genuen. Izan ere, Iruǹƒerriko Etxebizitza Sindikatuarengana jo genuen, eta haiek argitu ziguten ez genuela zertan gure etxetik alde egin nahiz eta jabeak eraikina saldu, gure iraupen luzeko kontratuek indarrean jarraitzen zuten eta. Hau da, «joan egin behar duzue» horren atzean, «zuek joatea nahi dugu» zegoen. Berandu baino lehen jakin genuen gure eraikina pisu turistiko bilakatzeko lizentzia eskuratu zutela urte hasieran.

Enpresarekin hainbat batzar izan ondoren, irailean batzartzera deitu gintuzten eta bertan ultimatum bat bota ziguten: haien eskaintza onartu, edota jabeak «zer egin ikusi beharko zuen». Momentu horretan eraikinean geratzen ginen bizilagun guztiok eskaintza ez onartzea erabaki genuen, eta orduan hasi zen gure odisea. Handik denbora gutxira, jakinarazi ziguten eraikineko hezetasun batzuk konpontzeko obra batzuk hasiko zirela, zenbat iraungo zuten esan gabe. Obrak hasi bezain laster, igogailua zerbitzuz kanpo utzi, atariko pareta zulatu, eta pasabidea hondakinez beteta utzi zuten. Egun horretatik aurrera, langileak ez dira apenas agertu, eta obrak ez du ia aurrera egin. Obrak martxan egon diren hilabete eta erdi honetan, bizilagunak eskailerak erabiltzera behartuta egon gara —gutako batzuk seigarren solairuraino—, baita etxe atariko hondakinen gainetik ibiltzera ere. Hau gutxi balitz, eraikinaren jabeak bere eginkizunak betetzeari utzi dio eta, ondorioz, hainbat bizilagunok hilabeteak daramatzagu ur berorik gabe.

Bizilagunok argi dugu gure kasua ez dela bakarra, eta gure inguruko jende askok bere borroka partikularra duela etxebizitzaren auziarekin, emantzipatzeko ezintasuna edota neurrigabeko alokairuen prezioak kasurako. Pisu turistikoen ugaritzea gure bloketik haratago doa, eta langile klasea auzoetatik kanporatzen ari da alokairuen prezio igoeraren eta ohiko etxebizitzarako eskaintzaren murriztearen bidez, besteak beste. Turistentzako ostatu bihurtzen den pisu bakoitza etxebizitza bat gutxiago da hemen bizi garenontzat. Transformazio honek gure auzoa kontsumoarentzako parke tematiko bilakatzen du, eguneroko bizitza gero eta prekarioagoa bihurtu eta kalitatezko etxebizitza baterako sarbidea gero eta zailagoa bilakatzen den bitartean. Honengatik guztiagatik, datozen deialdietara bat egitera gonbidatu nahi ditugu Alde Zaharreko bizilagunak zein bere elkartasuna adierazi nahi duen pertsona oro: hurrengo mobilizazioa abenduaren 13an 18:00etan izango da, Errekoletak Plazan. Izan ere, sistemak babesgabetasunera eta bakartzera bultzatzen gaitu, eta horren aurka antolatzea besterik ez zaigu geratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.