Zer gertatzen ari da Txantrea Kirol eta Kultur Elkartean?

Mertxe Aznarez
2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuzendaritza Taldearen akusazioen eta zehaztasun falten aurrean —UDC Txantrea KKEko langileek ez ditugun bitartekoen bidez jakinarazi zaizkie bazkideei—, gure ikuspuntua plazaratu nahi dugu.

Urtebete daramagu enpresa-ituna negoziatzeko bilerak egiten, bilera gogorrak, bai. Zuzendaritza Taldeak bilera horietan egindako proposamenak eskasak izan dira beti, nahiz eta esan «lan-egonkortasuna bermatzea eta langileen erosahalmena zaintzea» helburua dutela.

KPIa igotzea zen gure bidezko eskaera, baina, hori emateko baldintza gisa, 2014-2015ean sinatutako enpresa-itunean murrizketak egin beharra izan da erantzuna. Proposamen gogorrak mahaigaineratu dituzte, zenbait unetan atzera eginik ere: errelebo-kontraturako eskubidea kentzea, lan-bermeak erretiratzea, Gizarte Segurantzako estaldura-sistema mutualitatera pasatzea edo KPIa lan-absentismoari lotzea... Hori izan da dinamika behin eta berriz. Serioa al da hori? Zintzoa al da?

Urte hauetan, gure proposamenek enpresa-itun hura hobetzeko helburua izan dute: ez al da hori edozein enpresatako langileek proposatu behar dutena, hobekuntzak?

Ez dute aipatzen gure azken proposamenean uko egin geniela gure eskaera guztiei, hobekuntza-bakar bati heltzeko: KPIa ematea (2025-2026-2027), baina ituna ukitu gabe. Zuzendaritza Taldearen abenduaren 12ko erantzuna, ordea, bilera batera deitzea izan zen, honako hau esateko: «Zuen proposamena arretaz aztertu eta gero, Zuzendaritza Taldeak uste du ezin duela onartu gaur egun egina dagoen moduan».

Argi ikusten dugu Zuzendaritza Taldearen nahia enpresa-ituna murriztea dela, eta, lortzen ez badu, ez dugu KPIaren igoerarik izanen. Hori ez da onartzekoa.

Ezezko horren ondoren, posta bidez bidalitako proposamen serio bat eskatu genien, baina ez zaigu iritsi.

Ekintzak dira borondatearen ispilu. Zergatik ez zaigu 2025eko KPIa ordaindu? Zergatik ez da 2026an KPIa aplikatzeko agindurik eman? Truke-moneta gisa erabiltzen ari dira, negoziatu beharrekoari ez heltzeko. Inork ez du maite mehatxu horren pean egotea, eta horixe bilakatu da KPIa, mehatxu huts.

Ez da atsegina berriz geure burua ataka honetan ikustea. Mobilizazioak eta greba egunetarako deia eginez ez diogu uko egiten negoziatzeari. Besterik gabe, ez dugu beste biderik ikusten. Eskubide bat da greba, negoziatu ahal izateko baliabide dira greba eta mobilizazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA