Gernika KESBko zuzendaritzako kide ohia

Zergatik ahotsa altxatu

Migel Bidaurreta
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Gizakiok bizi ahala ikasten dugula esan izan da, eta, denbora pasa ahala, gutariko bakoitzak bizi-irakaspenak bereganatzen ditugula, urtez urte. Uste horretakoa izan naiz ni neu ere, eta ikasitakoen artean ondorengoa argi neukan: hobe da borrokak irabazteko aukerak daudenean planteatzea. Bada, hori horrela, zerk bultzatu ninduen bizi naizen herriko erakunde bateko ezohiko batzar baten aurrean ahotsa altxatzera? Zergatik aurre egin gehiengo bati, nahiz eta norabidea aldatzeko aukerarik ez zegoela ikusi? Hobe zen isilik mantendu eta hurrengo borrokara arte indarrak gordetzea; bizitzako irakaspenak.

Baina beti dago baina-ren bat, kontrako irakaspenik ere badago, zorionez: zer edo zer txarto eginda dagoenean, norberaren ustean injustizia bat egin dela ikusten dugunean, isilik mantentzeak konplize bihurtzen gaituela; bakoitza bere neurrian, noski. Gero gerokoak: guztiok biziko gara egin dugunaren eta egin ez dugunaren zamarekin. Horretan datza bizitzea.

Horregatik, bada, altxatu nuen ahotsa. Horregatik, eta, azken urte hauetan, gure gizarteko errealitate gordinak beste gauza bat irakatsi didalako: beti, beti biktimen alde! Aitzakiarik gabe. Erasotzaile guzti-guztien inpunitateari aurre eginez. Nik, jada, ikasi dut; espero dut, berandu baino lehen, Gernika KESBko zuzendaritzako kideek ere ikasiko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.