ZUZENDARIARI

Zertarako behar dugu Desokupa, Ibarrola baldin badugu alkate?

Imanol Kañamares Muguerza.
Iruñerriko Kontseilu Sozialista
2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Esan ohi da legeak armiarma-sareak bezalakoak direla. Intsektu txikia haietan harrapatuta gelditzen da, baina handiak aise suntsitzen ditu. Zertarako behar dugu Desokupa, Ibarrola badugu alkate?

Kalitatezko etxebizitza-alternatibarik ez zutela-eta, familia eta norbanako batzuk pisu huts batzuetara sartu ziren bizitzera, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin jarri ziren harremanetan haiek atontzeko eta defendatzeko. Egun batzuk bertan bizitzen eman ostean, publiko egin zen egoera, eta auzolanerako deia luzatu zitzaion jendeari.

«Ez dut nire lanpostua kolokan jarriko zuek legez kanpo etxegabetzen», esan zuen udaltzain batek, zinikoki. Soluzioa zein izan den? Igande eguerditik aurrera poliziak inguratu duela blokea. Beren lege propioak jendea etxegabetzeko aukerarik ematen ez dienez, ez diote inori blokera sartzen uzten, oztopoak jartzen dituzte bizikideei janaria eta sendagaiak emateko, eta zain daude jende hori etxetik noiz aterako, lanera edo ikastera joateko, edo osasun arrazoiengatik edo goseagatik. Blokea setiatzen ari dira, argi eta garbi. Orain gauden egoeran, bertan bizi den ama batek alaba medikuarenera eraman nahi badu, baliteke bueltan ez uztea etxera itzultzen. Halabeharrez hutsik gelditu diren etxe batzuetako sarrailak ere aldatu dituzte dagoeneko.

Badakigu Iruñeko Udalak eta Poliziak edozein lege urra dezaketela inpunitatez, baina badakigu elkartasun antolatuak aurre egingo diola setioari, eta guztiona den hori defendatuko duela. Ez dugu onartuko etxeak hutsik egotea, eta, aldi berean, jendea kale gorrian bizitzea. Sala dezagun udalaren legez kanpoko etxegabetzea, eta aldarrika dezagun guztiontzako etxebizitza doako eta kalitatezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.