Euskal selekzioak ofizial izan nahi du. Lagunarteko partidak urrats txiki bat baino ez dira bide horretan. Baina bihar, San Mamesen, Palestinaren aurka jokatuko duena (20:30, ETB1) ez da lagunarteko partida hutsa izango. Ez da futbol partida arrunta izango. Palestina jasaten ari den genozidioaren aurkako eta bakearen aldeko aldarri bat izango da. Mikel Labakak, euskal selekzioko bigarren hautatzaileak, hala azaldu du gaur, partidaren aurkezpenean: «Kosta egiten zait futbolaz hitz egitea. Fokua batez ere palestinarrentzat da. Partida honek zentzua badauka, haiengatik dauka», nabarmendu du.
San Mames bete egingo da. 53.000 zale baino gehiago bilduko dira, eta bat egingo dute aipatutako aldarriekin. Harmailak ikurrinez eta Palestinako banderaz beteko dira. Euskal selekzioaren partida batean ez da sekula hainbeste jende bildu. Gainera, Palestinako gizonezkoen selekzioak estreinakoz jokatuko du Europan.
San Mamesen bertan egin dute partidaren aurkezpena. Labakak Jagoba Arrasateren ordez hitz egin du. Arrasate ezin izan da aurkezpenean egon, Mallorcatik Euskal Herrira etortzeko hegazkinak ezin izan baitu lur hartu Loiun haizetea dela eta. Ofizialtasunaren aldarria ere nabarmendu du Labakak, eta neurketa antolatzea «aukera ona» iruditu zaio munduari erakusteko euskal selekzioak neurketa ofizialak joka ditzakeela: «Irudikatu nahi dugu hemen badela herri bat, zeinak kirol mapan tokirik ez duen, eta bere selekzioaren ofizialtasuna onartzen ez duten».
Labakak uste du herritarrek «argi eta ozen» eskatu dutela ofizialtasuna, eta horren erakusle izango dela San Mames beteta egotea. «Kirolariek, herritarrek, federazioak eta politikariek norabide berean lan egiten badugu, lortuko dugula uste dut».
Ihab Abu Jazar Palestinako hautatzaileak hildako palestinarrak oroitu ditu: «Mila kirolari palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak; horietatik 500 baino gehiago, futbolariak». Jakinarazi du Palestinako selekzioko laguntzaile bat ere hil zutela. Zauriengatik kirola egiteari utzi behar izan dioten kirolariak ere oroitu ditu. Euskal Herritik jaso duten babesa eskertzearekin batera, oharra ere egin du: «Asko sufritzen ari gara; genozidioa ez da geratu, ezta ondotik datorrena ere»
Jokalariek ere hartu dute hitza. Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalariarentzat partida berezia izango da. Euskal Herrian jaio zen, eta Athleticen harrobian jokatu zuen. Aspalditik ari zen saiatzen partida antolatzen, eta orain iritsi da horretarako aukera. «Nire bizitzako momenturik hunkigarrienetako bat izango da. San Mamesen jokatzea amets bat da».
Aihen Muñoz euskal selekzioko jokalaria ere gogotsu dago neurketarako. Realeko jokalariaren iritziz, «aukera polita» da bi gauza aldarrikatzeko: «Palestinar herriarekin elkartasuna eta euskal selekzioaren ofizialtasuna». Elkartasuna azaldu dio Palestinako herriari: «Palestinan gertatzen ari denak geratu egin behar du».
Bildutakoa Palestinara
Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak nabarmendu du ez dela erraza izan partida antolatzea: «Eskertu egin nahi dugu neurketa hau jokatu ahal izateko egin den lana eta ahalegina. Egun historikoa izango da Euskal Herriko futbolarentzat, baita bakearen defentsarentzat ere. Garai batean beste batzuek lagundu ziguten, eta orain guri dagokigu hori egitea».
Bildutako diru guztia Palestinarako izango da. Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak kudeatuko du eta hara iristeko ardura hartuko du. Aurkezpenean izan da Nagore Eskisabel, elkarteko ordezkaria: «Dirua osasun arretarako izango da».
23 jokalari
Jagoba Arrasatek 23 jokalari deitu ditu gaurko neurketarako. Azken unean deialditik kanpo geratu dira Borja Sainz, Ivan Martin eta Aritz Elustondo. Min hartuta daude, eta, haien ordez, Urko Izeta, Pablo Ibañez eta Jorge Herrando arituko dira.
Euskal selekzioak iaz jokatu zuen azkenengoz partida bat. San Mamesen izan zen, eta bana berdindu zuen Uruguairen kontra. Alvaro Djalok sartu zuen selekzioaren gola. Palestinako selekzioa, berriz, ia-ia sailkatu zen datorren urteko Munduko Koparako. Bigarren aukerako kanporaketak jokatu eta Omanek utzi zuen kanpoan, partida amaitzear zela.
Hau da euskal selekzioaren zerrenda biharko partidarako:
Atezainak
Aitor Fernandez eta Unai Marrero.
Atzelariak
Andoni Gorosabel, Alvaro Nuñez, Jorge Herrando, Unai Garcia, Iñigo Lekue, Igor Zubeldia, Unai Elgezabal eta Aihen Muñoz.
Erdilariak
Jon Gorrotxategi, Oier Zarraga, Ander Gebara, Hugo Rincon, Jon Guridi, Mikel Jauregizar, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Kike Barja eta Pablo Ibañez.
Aurrelariak
Nico Serrano, Urko Izeta eta Gorka Guruzeta.