Palestinako futbol selekzioak Europan jokatuko du aurreneko aldiz. Larunbatean euskal selekzioaren aurka ariko da Bilbon, San Mames futbol zelaian, milaka ikusleren aurrean. Telebista bidez ere ikusi ahalko da partida hori, Hamaikak eta ETB1ek zuzenean emango baitute. Internet bidez ere ikusteko modua izango da, eitb.eus webgunean. Eta Euskadi Irratiak ere zuzenean egingo du lehiaren kontakizuna.
BERRIAk bere webgunean partidaren eta egunaren inguruko informazioa emango du, luze eta zabal: giroa, Bilboko kaleetan egingo den mobilizazioa, San Mames barruan gertatzen dena... BERRIAren ikus-entzunezko taldeak egunari lotutako bideoak sareratuko ditu. Igandean, BERRIAren paperezko edizioan, partida izango da gai nagusia: lau orrialde argitaratuko dira domekan gaiaz.
Hamaikak Bilboko kaleetako giroaren eta mobilizazioaren berri emango du Interneteko sare sozialetan. 20:15etik aurrera, partida zuzenean emango du Hamaikak telebistaz. Kontakizuna Naiz irratiko esatariek egingo dute. Android TBrako aplikazioan zein www.hamaika.eus/zuzenean webgunean ere ikusi ahalko da lehia.
ETB1 kateak zuzenean emango du partida, eta elkartasuna sustatzeko asmoa duten mezuak ere jasoko ditu. Kontakizuna Naxari Altunak, Juanan Larrañagak eta Iñigo Barrenak egingo dute. 20:20an hasiko da emankizuna, eta EITBren webgunean ere jarraitu ahalko da zuzenean emanaldi hori.
Irratietan ere bai
EITBko irratietan ere Palestinaren eta euskal selekzioaren arteko partidak tarte berezia izango du. Egunean zehar gertatzen den guztiaren berri emango dute Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Euskadi Irratian, partidaren zuzeneko kontakizuna Joxe Mari Apaolazak, Nerea Zusberrok eta Txema Añibarrok egingo dute. Jon Ander de la Hozek eta Gari Urangak ere hartuko dute parte emanaldian. Radio Euskadin, berriz, Asier Kareaga, Gontzal Mendibe eta Larraitz Lucas ariko dira kontakizuna egiten.
EITB taldearen sare sozialetan ere egunean zehar gertatzen den guztia kontatzen saiatuko dira.
Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina elkarteen asmoa zera da, partida eta haren aurretik antolatutako martxa genozidioaren aurkako eta herri libreen aldeko «oihu erraldoia» izatea. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zenbait zale taldek, berriz, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Palestinaren erresistentziari babesa adierazteko kalejira egingo dute. Mobilizazio horien ingurukoak ere kontatuko dituzte euskarazko komunikabideek larunbatean.