Palestinarekin Elkartasuna eta zale taldeak: «Zupiriak eten egin behar du kriminalizazio kanpaina hau»

Kalejira egiteko baimena dutela berretsi dute, eta «aldarrikapen eta ospakizun egun bat» izatea nahi dutela. «Gu Palestinaren alde, Israelgo estatu terroristaren kontra eta gure selekzioaren ofizialtasunaren alde aterako gara kalera».

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zale taldeek agerraldia egin dute Bilbon. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zale taldeek agerraldia egin dute Bilbon. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
ainara arratibel gascon
2025eko azaroaren 14a
12:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zupiriak eten egin behar du kriminalizazio kanpaina hau. Guztiz kontraesankorra da biharko partida normaltasunez eta istilurik gabe igarotzea nahi duela esatea eta aldi berean tentsioa areagotzen eta antolatzaileak probokatzen aritzea. Badirudi Jaurlaritzak berak nahi duela istiluak egotea». Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zale taldeek hala erantzun diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo egindako adierazpenei.

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidari lotuta, plataformak eta zale taldeek hainbat ekintza antolatu dituzte biharko 13:00etan, Palestinako kirolariak omenduko dituzte Arriaga plazan. Hainbat euskal jokalari bertan izango dira. Ondoren, arratsaldean, kalejira egingo dute; Areatzatik abiatuko da, 18:30ean, eta San Mamesen bukatu. Zupiriak atzo adierazi zuen plataforma hark eta «futbol talde nagusien ultrek» antolatutako manifestazioa ez zegoela Segurtasun Sailari jakinarazia. Antolatzaileek berehala erantzun zioten, eta adierazi zuten Zupiria «gezurretan» ari zela. Azaldu zuten bi aldiz eskatu ziotela Segurtasun Sailari mobilizazioa egiteko. Lehen aldiz «duela hilabete» galdegin zuten, eta Zupiriaren sailak ezezkoa eman zion, «beste egitasmo batzuekin koordinatzeko zailtasunak» izango zituztelako. Bigarrena, ordea, herenegun onartu zuen, «aste honen hasieran» baimena eskatu ondoren. Gaur egin duten agerraldian horixe bera berretsi dute. EAJren aurka ere egin dute: «EAJk lotura sakonak ditu sionismoarekin, eta ez du inolako interesik Euskal Herriko kaleak palestinar erresistentziaren aldeko eta Israelen kontrako mezuekin betetzeko».

Biharko partida «aldarrikapen eta ospakizun bat» izatea nahi dutela berretsi dute: Gu Palestinaren alde, Israelgo estatu terroristaren kontra eta gure selekzioaren ofizialtasunaren alde aterako gara bihar kalera. Mezu horiek normaltasunez eta trabarik gabe atera nahi ditugu kalera». Halaber argi utzi nahi izan dute: «Biharko bi kalejiren arteko aldea ez dago mobilizazioen forman, kalera aterako ditugun posizio politikoetan baizik. Gainera, azken urte luzeetan zaletuok antolatu dugu euskal selekzioko partidako kalejira, eta aurreko urteetako egitasmoaren jarraipena da aurten antolatu duguna».

Izan ere, beste kalejira bat ere antolatu dute partidaren atarirako. Gure Eskuk, Gernika-Palestinak eta Gu Ere Baik 17:30ean abiatuko dute haien kalejira, Arriaga plazatik. San Mames estadioko zabalgunean ere beste ekitaldi bat egongo da: 18:30ean, pertsonek osatutako irudiak egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.