Abizen asko dituen partida eguna izango da biharkoa Bilbon; euskal selekzioak eta Palestinakoak lagunarteko partida bat jokatzeko eguna, baina baita Palestinari elkartasuna adieraztekoa, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzekoa eta kalean mobilizatzekoa ere. Gernika-Palestina plataformak, Gure Esku-k eta Gu Ere Baik martxa batera deitu dute 17:30erako Arriagatik abiatuta, eta manifestu bat zabaldu zuten deialdi horrekin batera. 600 herritarren babesa jaso dute; horien artean daude Aritz Erkiaga pilotaria, Ipar Arrinda, Joseba Attard ardi moztaileak, Mikel Bidasola igerilaria, Kristian Urzainki errugbilaria...
Haien izenean Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariak hartu du hitza: «Elkartasun partida bat izango da biharkoa, baina baita gure herriak eta gure selekzioek munduan zehar merezi eta behar duten tokia aldarrikatzeko eguna ere. Kirolariok, klubek, instituzioek eta gainerako eragileek egingo dugun guztia gutxi izango da».
Martxan pankarta nork eramango duen ere jakinarazi dute: Xabier Usabiaga telebista aurkezle eta txirrindulari ohia, Agus Hernan Giza Eskubideen Behatokiko kidea, Maddalen Arzallus aurkezle eta bertsolaria, Mikel San Jose futbolari ohia, Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailea, Izortze Santin Biologian doktorea, Erkiaga bera eta Abadiñoko pilotarien eta Union Tutera taldearen ordezkaritza bana. Horiez gain, martxaren buruan joango dira Mohamed Hnini eta Nayua Jatri Aduh; Hnini Saharako Fronte Polisarioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren albokoa da, eta Jatri Aduh, Euskal Herriko saharar komunitateko kidea.
Paula Roson Gure Esku-ko kideak azaldu duenez, «herri libreak izan nahia adierazteko eta genozidioaren krudelkeriari stop esateko eguna» izango da biharkoa. Patxi Gaztelumendi Gu Ere Baiko kidearen esanetan, berriz, ofizialtasunaren bidean «urrats handiak» egin dira, eta bide hori «indartzeko» garaia da: «Inoiz baino aldekoagoa da egoera, horregatik momentua baliatzen asmatu behar dugu».