Lesio bat zela-eta Unai Lasok Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzeari uko egin zionetik, jakina zen beste txapeldun bat egongo zela. Baina inor gutxik pentsatuko zuen txapela jantziko zuen pilotari horrek lehena izango zuenik modalitate horretan. Baina horrela izango da. Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998) edo Javier Zabalak (Naiara, Espainia, 1997), bi pilotari horietako batek jantziko du txapela. Aspeko bi pilotari horiek jokatuko baitute finala hilaren 16an, Bilboko Bizkaia frontoian. Ez batek ez besteak ez dute inoiz irabazi txapela modalitate horretan; hau da, finalean gertatzen dena gertatzen dela, beste izen bat ageriko da txapeldunen zerrendan.
Finalerako sailkatzeko, Etxeberriak eta Zabalak azken hamarkadan lau eta erdian nagusi izan diren bi pilotariak kanporatu dituzte finalerdietan: Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, hurrenez hurren. Biek ala biek nagusitasun handiz irabazi diete: Zabalak 22-6 hartu zuen mendean Ezkurdia larunbatean, Gasteizko Ogetan; Etxeberriak, berriz, 22-9 irabazi zion Altuna III.ari igandean, Donostiako Atano III.ean. Lehen Mailako lau eta erdikoaren azken zortzi ekitaldietatik lautan jantzi du txapela Altuna III.ak, eta beste hirutan Ezkurdiak.
Etxeberria ohituta dago lau eta erdiko txapelaren lehian ibiltzeari, hirugarrenez jarraian ariko baita finalean. Galdu egin zuen aurreko bi aldietan: duela bi urte, Altuna III.ak irabazi zion (22-9), eta iaz, Lasok (22-19). Hirugarren ahaleginean jantzi nahi du txapela. Hirugarrena luke profesionaletan: 2021ean, Promozio Mailako buruz burukoa irabazi zuen, eta, iaz, maila nagusiko binakakoa, Jose Javier Zabaletarekin batera.

Zabalak, berriz, lehen finala jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoan. Bigarren ahaleginean lortu du, iaz aritu baitzen aurrenekoz. Estreinako eskasa izan zuen, Aitor Elordik irabazi egin baitzion final-zortzirenetan: 22-7. Aurten, ordea, sekulako jauzia egin du. Hemezortzi urteren ostean, Errioxako pilotari batek Lehen Mailako lau eta erdiko finala jokatuko du. Augusto Ibañez Titin III.ak jokatu zuen azkenekoz, 2007an, eta irabazi egin zuen, Abel Barriolaren aurka, Ogetan.
Behetik gora egin dute
Etxeberriak eta Zabalak, biek egin dute behetik gora txapelketan: nafarrak galdu egin zuen ligaxkako lehen partida, Erik Jakaren aurka (22-18), baina irabazi egin ditu hurrengo hirurak. Gero eta hobeto aritu da: sendo aritu zen Iker Larrazabalen aurka (22-6); oso ondo Ezkurdiaren aurka (22-10), eta ikusgarri Altuna III.aren aurka. Zabalak, berriz, sufritu egin zuen final-zortzirenetan Dario Gomez mendean hartzeko (22-19), galdu egin zuen ligaxkako lehen neurketa, Joanes Bakaikoaren aurka (22-21), estu eta larri irabazi zion Jon Ander Peñari (22-20), eta ez zuen jokatu Altuna III.aren kontra. 22-0 eman zioten irabazitzat, eta finalerdietarako sailkatu zen. Eta, finalaurrekoan, erakustaldia egin zuen.
Bi finalistek behin baino ez dute jokatu elkarren aurka lau eta erdikoan. Joan den uztailaren 4an izan zen, sanferminetako lau eta erdikoaren finalerdietan, Atano III.ean, eta Zabalak nagusitasunez irabazi zion Peio Etxeberriari: 22-13. Bi aste barru jokatuko dute berriro elkarren kontra, baina oraingoan txapela izango dute jokoan.
Datorren larunbatean, berriz, B Seriekoa izango da, Irungo Uranzu frontoian (Gipuzkoa). Baiko enpresako bi pilotarik jokatuko dute: Beñat Senar ataundarrak eta Unai Amiano irundarrak. Senar gaur sailkatu da finalerako: 22- 6 irabazi dio Ander Muruari Tolosan (Gipuzkoa). Amianok, berriz, joan den ostiralean egin zuen urratsa finalera: 22-18 nagusitu zitzaion Xabier Rekalderi haren jaioterrian, Diman (Bizkaia). Senar zein Amiano, biak lehen aldiz ariko dira finalean. Amianok duela hilabete eta erdi eskas debutatu zuen.