Nahiz eta «dezenteko» astelehena eduki, zorioneko agertu dira gaur Unai Laso eta Jon Ander Albisu, Binakako Txapelketa irabazi eta biharamunean, Ataungo San Gregorion (Gipuzkoa). Finaleko tentsioak eta ondorengo ospakizunek eragindako nekea oraindik ere gainditu gabe, alderik aldeko irribarrearekin hitz egin dute biek. Izan ere, Jokin Altunari eta Joseba Ezkurdiari ongi merezita irabazi ondoren, estreinakoz jantzi dute biek ere binakako txapela. Profesionaletako lehena du Albisuk. «Ederki kosta zait amestutako txapel hau lortzea, eta honek zentzua ematen dio nire hamasei urteko ibilbideari». Lasok, berriz, hiru modalitateetan eskuratua du txapela, aurrez lau eta erdikoa eta buruz burukoa bazituen eta. «Itsututa ez nengoen, baina begiz joa neukan marka hori egitea».
Hitzordua etxe ondoan izaki, Albisu garaiz agertu da kazetarien aurrera, garaikurra eta txapela eskuan. Ospakizunak «luze samar» jo zuela aitortu du. «Nafarroa Arenan berandu bukatu genituen lanak, eta sagardotegian jaten hasterako gaueko hamaikak ziren. Luzatu egin zen kontua. Orain arte ez nekien zer zen txapel bat lortu eta gero afaritan ospatzea, eta oso sentsazio polita da». Zorion mezu mordoa jaso du ataundarrak. «Sakelakoa jo eta jo ari zait, eta asko eskertzen dut. Profesionaletako hamasei urteotan inguruan izan ditudan guztiak akordatu dira nirekin». Tokia oraindik ez dio aurkitu txapelari. «Ez dakit non jarriko dudan, baina hori ez da arazoa».
Ikusi gehiago
Lehenagotik beste bi txapelen jabe izan arren, poz eta ilusio berarekin hitz egin du Lasok. Nekatuta ere bai. «Dezente luzatu zitzaigun festa. Mexikoko doinuek eta trikitiak lagundurik, giro ederrean afaldu genuen». Batez ere, harro dago bere buruarekin. «Kontuan hartu behar da lesio larri bat izan berritan nentorrela binakako txapelketara. Molestiak izan ditut, baina, oro har, gorputzak ongi erantzun dit, egindako lana ona izan den seinale. Inork ez daki zenbat lan egin dudan ongi egoteko, eta batez ere horrek betetzen nau». Horrek, eta txapela Albisurekin irabazteak. «Elkarren artean kimika berezia sortu da, eta harreman hori kantxa barruan islatu da».
Lau hilabete luzeko jardunean, bikoterik onena osatu dute Lasok eta Albisuk. Hemezortzi partida jokatu eta soilik bi galdu dituzte. Urteak ziren ez zela halakorik gertatua. Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak gauza bera egin zuten 2017an. Bikote onena izan ziren, eta txapeldun ere bai. Ez da beti gertatzen, ordea, onenek irabaztea. «Datu hori behin eta berriz ematen nion Albisuri», aitortu du Lasok. «Esaten nion motibo bat zela geure buruan sinesteko. Irabazi egin dugu faborito izatea». Bidean tarte kritikoak ere egon dira, Albisuren esanetan. «Finalerdietan 21-17 atzetik ginela, txapelketatik kanpo ikusten nuen geure bikotea, eta pentsatzen nuen ez zela justua». Hots, pilotak ez zion ezer zor ataundarrari. «Hemen txapelak ez ditu inork oparitzen; irabazi egin behar dira».
Bideoen garrantzia
Finala ikusteko ez dute astirik izan bi txapeldunek, baina ideiak garbi edukita jokatzea izan zen gakoetako bat, Lasoren esanetan. «Aimar Olaizolarekin bideo batzuk aztertu genituen joan den astean, eta horrek asko lagundu zidan. Altunaren eta Ezkurdiaren aurkako partidetan deseroso egoten nintzen, ez nekien non jokatu, eta, bideoei esker, partida ongi analizatzea lortu nuen».
Albisuri eman zioten finaleko pilotaririk onenaren saria. «Hori beste harrotasun bat da. Irabazi bakarrik ez, gozatu egin nuen finalean, eta beste txapel bat irabazi nahi nuke orain».