Athleticek helegite bat aurkeztuko du Laporte fitxatu ahal izateko

FIFAk ez du ontzat eman Aymeric Laporteren izen ematea, eta, helegitea onartu ezean, Athleticek ezingo du fitxatu jokalaria neguko merkatura arte.

Jon Uriarte, prentsa agerraldi bat hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE /  FOKU
Jon Uriarte, prentsa agerraldi bat hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 3a
16:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic zain dago zer gertatuko den Aymeric Laporteren izen ematearekin. Astelehenean bazirudien dena eginda zegoela. Laportek kontratua eten zuen Al-Nassr taldearekin, eta, hala, Athleticek fitxatu zuen. Akordioa hiru urterako zen. Baina atzo dena zapuztu zen. FIFAk ez zuen ontzat eman jokalariaren izen ematea. Arrazoia: Arabiako Federazioak ez zuen dokumentazioa garaiz bidali. Hala, futbol erakundeak ez zuen ontzat eman, eta, beraz, jokalariari zaildu egin zaio izen ematea, nahiz eta Espainiako Futbol Liga Profesionalaren webgunean fitxaketaren berri eman zen. Orain, ordea, ez da ageri halako jakinarazpenik. Athleticek ere ezin izan du Laporte Txapeldunen Ligako jokalarien zerrendan sartu.

Klub zuri-gorriak bi aukera ditu orain: TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegira jotzea, eta hiru aldeen arteko kontratua sinatuta zegoela frogatzea, edo urtarril arte itxarotea jokalaria fitxatzeko. TASera jotzen badu, bada aurrekari bat: Lassana Diarrarena. 2014an kontratua eten zuen Lokomotivekin, Charleroik fitxatu zezan. Baina Errusiako taldeak haren izen ematea blokeatu zuen. Jokalariak Europako Batasuneko Justizia auzitegira jo zuen, eta epaian hau ebatzi zuten: FIFAren araudiak Europako Batasunaren lan legedia urratzen zuela. Hala, futbolari profesionalei, langileak izanda, Europako Batasuneko lan legedia aplikatu behar zitzaien. Baliteke epai horrek mesede egitea Athletici.

Talde zuri-gorriak ohar baten bidez adierazi du lanean jarraitzen dutela hiru aldeen borondatea behar bezala betetzeko, eta aukera guztiak aztertzen ari dela. Nolanahi ere, berretsi du jokalaria Athleticera batzen ez bada akordioak ez duela ondoriorik izango, eta klubari ez diola kalte ekonomikorik eragingo.

Uda osoan hitz egin da Laporte itzultzearen inguruan. Ernesto Valverdek erdiko lau atzelari zituen denboraldiaurrea hasteko: Aitor Paredes, Dani Vivian, Yeray Alvarez eta Unai Egiluz. Baina uztailaren 10ean ezagutarazi zuten Yerayk positibo eman zuela UEFAren dopin analisi batean. Zehazki, Europako ligan Manchester Uniteden aurka jokatutako finalerdietako joaneko partidaren ostean egindako kontrolean eman zuen positibo. Kasua ikertzen ari dira, eta, bitartean, zelaietatik kanpo dago jokalaria, auzia argitu zain. Jokalariak esan zuen minbizia gainditu zuenetik alopeziaren aurkako tratamendua jasotzen ari zela, eta orduan jakin zuela hartutako botika batek debekatuta dagoen substantzia bat zuela: «Nahi gabe izan da; kolpea hartu dut, inoiz ez baitut substantzia debekaturik kontsumitu».

Egiluzek, berriz, eskuineko belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen Racing Santanderren aurkako lagunarteko batean, eta denboraldi osoa emango du jokatu gabe. Horrenbestez, lehen taldean erdiko bi atzelari baino ez ditu Valverdek jokatzeko moduan: Vivian eta Paredes. Norgehiagokaren batean Yuri hegaletik mugitu du bertan jokatzeko. Baina talde zuri-gorriak egutegi betea izango du denboraldi honetan, lau txapelketa jokatuko baititu: Liga, Txapeldunen Liga, Espainiako Kopa eta Espainiako Kopa. Horrenbestez, jokalari multzo handia behar du, tartean erdiko beste atzelari bat.

Lau partidako zigorra jarri diote Valverderi, eta hirukoa Padillari

Zigor gogorra jarri diote Athleticeko entrenatzaileari, igandean epaileak, Betisen aurkako partidan, egotzi ostean. Teknikariak lau partida egon beharko du aulkian eseri gabe. Bi neurketako zigorra jarri diote «epaileari protesta egiteagatik», eta beste bi «epailea gutxiesteko keinuak» egiteagatik —Valverdek txalo egin zion epaileari aldagelara bidean zegoela—. Alex Padillari, berriz, hiru partidako zigorra jarri diote, «jarrera desegokia» izateagatik. Atezainak baloi bat jaurti zuen zelaira aulkian zegoela. Ikusteko dago Athleticek erabakiaren aurkako helegitea jartzen duen

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.